Honezkero konturatuko zinen berriak eta berriak daudela. Eta baita zenbait berrik duten eraginaren di- mentsioa ez dela nolanahikoa ere. Konturatuko zinen su-etenaren iragarpenak zer-nolako astindua sorrarazi duen Euskal Herrian ezezik nazioartean ere.Ez dakidana da arreta jarri al diozun konponbidearen alde lanari ekiteko gogoa eta garra nortzuei piztu zaien. Edo hobeto esanda, oinez hasteko lehenengo urratsa batzen gaituena bilatuz eta ez alderantziz lortuko baitugu, nortzuei ez zaien piztu. Nortzuek ez duten ohiko diskurtsoa zipitzik aldatu.
Oraingoan, ordea, ez dute lortuko giroa nahastea euren interes propio eta nabariak bermatzen jarraitzeko. Ez dute lortuko berri horrek gure etxean, gure lantokian, gure herrian, gure lurraldean sortu dituen ilusio, itxaropen eta indar berriari oztopoak jartzea. Hemengo jendartearen gehiengoak konponbidea du helburutzat, denon parte-hartzearekin; «denon» honek erraza eta samurra izango ez den prozesu horrenganako errespetua eta konpromezu irmoa erakusten dutenenon adierazi nahi duen heinean.
Eta zorionez, horiek asko gara. Elkarte politikoak, sindikatuak, erakundeak, eragile sozialak eta abarrak. Horien baitan gizonak eta emakumeak.
Hein berean, gizonak eta emakumeak. Hauxe nabarmendu nahiko nuke berri horrek dakartzan dimentsio ezberdinen artean, bestelakoak aski azpimarratzen baitituzte dagoeneko. Erabateko garrantzia eman beharko genioke ireki berria den aro politiko honetan sexuen arteko berdintasun erreal eta eraginkorraren bidean behin betiko jauzia egiteari. Hain zuzen, betiko barnera eta finka dadin emakumeon presentzia ezinbestekoa dela, besteak beste, jendartearengan eragina duten erabakiak hartzeko garaian. Unea ezin hobea dela sinesten dut Eus- kal Herrian «esanetik izanera» aldarrikatzeko. Ez hori bakarrik, errealitate bihurtzeko. Lanerako gaitasuna, zeresana, ikuspuntu propioa eta gure ingurua eraldatuko duten erabakiak hartzeko eskubide berbera daukagu. Hau jakina da. Baina gatazkari irtenbide politikoa emateko garaia iritsi den bezala, bertan emakumeok geure protagonismoari heltzekoa ere iritsi dela jakinaraz dezagun.
Zeren politika betidanik izan baita gizonen kontua. Historikoki, bilerak egiten dituztenak dira, erabakiak hartzen dituztenak, herritarroi horien berri ematen digutenak. Azken urteotan, alabaina, politikaren munduan emakumeak ikusten hasi gara, askorentzat parekidetasuna lortu dugun sentsazioz. Ñabardurak ahaztu barik, litekeena da pentsakeran. Litekeena egituraketan. Baina funtzioen banaketari eta berauek duten baloreei dagokienez inondik inora ere.
Horren harira eta hain zuzen nazio garapenari ekiteko eszena berria dela eta, Nazio Garapenerako Biltzarrean parte-hartzaileek betetzen dituzten funtzioetan parekidetasuna bermatzeko ezarri ziren jarraibideak gogorarazi nahi nituzke. Batetik, egitura hierarkiko batean buruak bietara izan beharko lirateke, gizonak eta emakumeak. Egitura halakoa ez balitz, aldiz, ondo aztertu beharko lirateke banatzen diren funtzioak, zer-nolako balorea duten, bereziki. Bietariko ordezkaritza izatea da helburua. Helburu justua. Eta orain momentua.
Datozen asteotan hasiko diren bileretan, negoziazioetan eta era guztietako mugimenduetan, goian aipaturikoa bermatzea eginbehar- tzat hartu behar dugu, hala izan dadin ahalmena daukatenen eginbehar geroraezina. Emakumeok gatazka bizi eta sufritzen dugun era berean, berau gainditzeko tresnak sortzeko eta erabiltzeko, hala nola, fase guztietan gure presentzia eta hitza ziurtatzeko askatasuna eta aintzatespena izatea, su-etenak eragin duen erronkaren baitan egon behar du.
Gurean, emakume legebiltzarkideak adibidea ematen hasi dira. Munduan zehar emakumeek egindako edo egun egiten ari diren lan izugarrien adibideak ere hor dauzkagu. Alec Raidek esana, Irlandako kasuan bake prozesuan emakumeak izan direla aktibo garrantzitsuenetarikoa gogoratu. Edo hain luzea eta bortitza den Palestinako egoera. Eredu izan beharko luke palestinar eta israeldar emakumeek elkarlanean aurrera daramatena, hurbiltzen dituena ardatz hartuz eta ez ezberdintasunak goraipatuz gorrotoa areagotzeko prozesu mingarrian.
Hemen, bigarren aukera hori sustatzen dutenei sabotajea
besterik ez dutela buruan, konponbideak topatzeko beharrezko dinamika azalduko
nieke, bigarren zatia bereziki: hitz egin eta entzun. Entzun herriak nahi duena!
-jegia@gara.net