Ixabel Etxeberria - Irakaslea
Berri onak?
Berri onak ezta? Ba, ez dakit. Ni, behintzat, asteburu honetan betiko lekura joanen naiz. Eta nora zoaz ba? Cadizera. Eguerdietan Donibanetik ateratzen naiz eta bihar goizean iritsiko naiz, igande arratsean itzultzeko. Eta literak kendu nahi dizkigute, seguruak ez omen ditu onartzen! Komunik ere ez dago autobus horretan, haurrak daudelarik eta adineko jendea ereŠ Bidean gelditu behar izaten dugu haurrek ez baitute jasaten. XXI. mendea, musika taldeentzat edo futbol taldeentzat sekulako autobusak daude; guretzat zaharrenak ateratzen dituzte.
Espainiako arazoa omen da bakarrik, alta, badaude inguru honetan Espainia zeharkatu behar dutenak edo Frantzia osoa, senideekin elkartzeko. Noiztik goiti Frantziaren arazo bihurtuko da ba? Egia erran, gaur egungo agintariek estatuko problematiken aurrean dituzten jarrerak ikusi, eta, CPErekin adibidez, zaila da jakitea errealitatearen aurrean erreakzionatzeko gai diren.
Badirudi, hala ere, bertako politikariek egoera alda daitekeela sinesten dutela, oso baikor agertu baitira azken egun hauetan. Max Brissonek azpimarratu nahi izan du hauteskunde guztietan alderdi abertzaleak oso minoritarioak zirela; alegia, ulertu behar dugula gure eskakizunak beren neurrian kontuan hartuko dituztela. Erran nahi baita, eta GIPren lehendakariak egoera berriaren aitzinean aurreikusten duen Frantziaren laguntza kargu berrian eman dituen lehen urratsen arabera- koak baldin badira, hemengo hautetsien ekarpena oso xuhurra gerta daitekeela. Oroituko gara sozialistak agintean zeudelarik gurekin kontatuko zutela hauteskundeetan %10 gaindituko genuelarik, hori ez zela behin ere gertatuko esperantzarekin errana. Haatik, hori ere heldu zen. Max Brissonek sinesten badu abertzaletasunak ez duela gora eginen, ez duke ulertu oraindik abertzaleok benetako proiektu politikoa, kulturala badugula Euskal Herriarentzat, kanpoko jendea ekartzeko egiten dituzten ahaleginen gainetik.
Baina espantagarriena, espantagarriena edo pragmatismoena, ikuspuntuaren arabera noski, EAJ gelditzen da. Salaketa meta batzuen ondotik, errepresio itzela egin ondotik, Sarkozyrenari inbidia izpirik izan behar ez dion poliziari babesa eman ondotik, apirilaren lehenean parte hartuko ez duen alderdi abertzale bakarra izaki, zer da ba jarrera baikor hori? Edo egoera berriak ez al du hunkitzen? Alderdi guzien gainetik ba al da? Badirudi baietz zeren ikusi dugun EAJren lehen ekintza bere buruaren aldeko publizitate kanpaina izan da, 500.000 euro EAJ iparraldean ezagutarazteko, prentsaren arabera. Emaitza onak ekarriko dizkiola ez da zalantzarik. -
|