Mikel Aramendi
Aukeraketak
Ez dakit «bere» obra aipagarri bakarraren argitaratzearen hirurogeigarren urteurrena edota, bidenabar, bere heriotza susmagarriaren berrogeigarrena profitatuz norbaitek gogoan izango ote duen aurten Viktor Andreivitx Kravtxenko, 1944an Estatu Batuetara ihes egin zuen sobietar funtzionarioa, ospetsua bere garaian. Ez dut uste, haatik, egun inolako best sellerra izango litzatekeenik “I chose freedom”, berrargitaratuz gero. Are gehiago: ez dut uste ezta ere obra haren benetako autore Eugene Lyons-en oinor- deko eta haur besoetakoek (Wolfowitz eta konpainiak) Gerra Hotzeko propaganda-literaturaren maisulan hura berpizteko gogo handirik edukiko dutenik. Egungo Estatu Batuak askatasunarekin kidetzea oso lan nekagarria gerta daiteke sinestunentzat ere.
Nolanahi ere, liburu haren izenburuak (“J’ai choisi la liberté”, frantsesez; “Yo elegí la libertad”, gazteleraz) egundoko segizioa eduki zuen ondorengo hamarkadetan, batik bat eskuin-eskuineko literatura politikoan. Topiko bihurtu zen, bereziki Ekialdeko blokeko herrialdeetatik ihes egiten zuten funtzionario, intelektual edota kirolariez mintzatzerakoan. «Askatasunean bizitzea aukeratzen» zuten gizaki zuzen eta ausartak izaten ziren denak, eta ate guztiak zabaldu behar zitzaizkienŠ Azkenean, ordea, kirolariak izaten ziren gehien-gehientsuenak.
Eta haiexek etorri zaizkit burura atzo Australiako Melbournen amaitu ziren Commonwealth-eko Jokoetatik etxera itzultzeko orduan, dozena bat kirolari behintzat «desagertu» direla jakin dudanean. Gehienak, sierraleonarrak omen, baina tanzaniar eta bangladeshtar bana ere bai. Inor ez da bereziki harritu ez asaldatu. Aurrekoetan, duela lau urte Manchesterren egin zirenetan, 21 sierraleonar, 5 bangladeshtar eta pakistandar bat «desagertu» ziren. Eta urte berean Asiako Jokoetara joandako 12 nepaldar, 3 srilankar eta mongoliar bat Hego Korean «galdu» ziren. Eta 2000ko Sydneyko Joko Olinpikoen ondoren 80 bat kirolariri «ahaztu» omen zitzaion etxerako bidea.
Baina Howard lehen ministro australiarrak iheslariei iragarri dien ezkortasuna ikusita, argi dago hauek ez direla batere ongietorriak. «Askatasuna aukeratzen» zuten miresgarri haietakoak ez baizik egunero jan eta etxekoei bizirik irauten laguntzea aukeratzen duten gizaki mespretxagarriak baino ez direlako, agian. -
|