Gizartearen mugak ezabatzeko eskatu dute arrazakeriaren aurkako martxan
«Gizarteak etorkinei ezartzen dizkien mugak» apurtu behar direla nabarmendu du Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Martxak aurten. Azkeneko urteetan erakundeak, eragileak eta administrazioak atzerritarren egoeraz arduratu badira ere, SOS Arrazakeriaren iritziz, lan mardula egin beharko da etorkinen egoera hobetzeko. Alde horretatik, Estatu espainolak eta Europar Batasunak egin dituzten politikak gaitzetsi zituzten ibilaldian.
DONOSTIA
Arrazakeria soziala desagertzearen alde borrokatu behar dela nabarmendu zuten atzo Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako IX. Martxan. Ehunka lagunek hartu zuen parte Trintxerpeko merkatutik abiatu eta Donostiako Bulebarrean amaitu zen ibilaldian. Martxaren aldarrikapen nagusia atzerritar ez komunitarioak gizartean txertatu beharra izan zen eta, alde horretatik, «gizakiek ezartzen dizkieten mugak, eta estereotipo eta aurreiritziak» baztertzeko deia egin zuten antolatzaileek.
SOS Arrazakeriako bozeramaile Agustin Unzurrunzaga etorkizunean borroka arlotzat hartuko dituzten sei punturen gainean mintzatu zen «hegoaldeko muga», irregularitatea, etorkinen egoera sozio-laboral ezegonkorra, eskubide gabezia, estereotipo eta aurreiritziak eta gizarte arrazakeria. «Denon artean borroka eginez gainditu beharreko harresiak dira», ziurtatu zuen.
Ekitaldiaren ostean egindako adierazpenetan, Unzurrunzagak azken urteetako errepasoa egin zuen. Funtsezko arazoek bertan dirautela azaldu zuen, baina, aldi berean, erakunde, eragile eta administrazio dezentek gaiarekiko ardura erakutsi dutela agertu zuen: «Ekimenak egiten ari dira eta jendea kontzientzia hartzen hasita dagoela ikusten dugu. Administrazioak ere apurka-apurka ardura hartzen ari dira».
Azken urteetako aldaketaren lagin moduan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hemezortzi udalek egun emigrazio teknikariak dituztela adierazi zuen, eta eskuduntza aldetik izan ohi dituzten arazoak nabarmendu zituen. «Ardura hori egotea positiboa da, baina, azken batean, gizartea aldatu behar da, guztion artean egin beharko baitugu gizartea», azaldu zuen Unzurrunzagak.
Etorkinek egun duten «egoera kezkagarriaren» erantzulea Estatu espainola eta Europar Batasuna egiten ari diren politikak direla salatu zuen Unzurrunzagak: «Oinarrizko giza eskubideak arbuiatzen dituzte, berdintasunezko tratua izateko eskubidea edota babesa eskatzekoa ere ukatu egiten baitizkiete. Ez dituzte sei metroko hesiak behar gaineratu zuen, prozesu migratorio bat behar dute». Alde horretatik, harrera politikak sendotzeko eskaria egin zuten.
Aurtengo aldarrikapen nagusiarekin bat eginez, aurreiritziak baztertu eta norberaren mugak apurtzeko premia nabarmendu zuten bertso bidez. Era berean, karitatea baino gehiago atzerritarrei errespetua zor zaiela zehaztu zuten.
Gipuzkoako 32 eragile atxiki zaizkio aurtengo ibilaldiari
SOS Arrazakeriak helarazitako datuen arabera, Gipuzkoako 32 eragile sozialek eta sindikalek eman zioten sostengua aurtengo Arrazakeria eta Xenofobiaren Aurkako Martxari. Antolatzaileak pozik azaldu ziren kopuruarekin, iazko kopurua bikoiztu baita. SOS Arrazakeriaren iritziz, gorakada gizarteak etorkinen egoeraren gainean duen kezkaren isla argia da. -
«Ezinbestekoa da pentsamoldeak aldatzea»
DONOSTIA Ekitaldiaren ostean, Agustin Unzurrunzagak zehaztu zuen oraindik ere lan mardula egin beharko dela arrazakeria ezabatu eta etorkinen egoera normalizatzeko. «Hau maratoi antzeko bat da, eta ez dago ezer lortzerik epe motzean. Pentsamoldeak aldatu behar ditugula ulertu behar dugu, eta horregatik plazaratu nahi izan dugu aurten arrazakeria sozialaren kontua», azaldu zuen. Etorkinen egoera gizarteratzea garrantzitsua dela jakinarazi zuen SOS Arrazakeriako kideak, eta, alde horretatik, Mauritanian eta Kanariar Uharteetan azken egunetan jazo diren gertaerak salatu zituen. «Hegoaldeko muga deitzen dugun horretan gertatzen ari dena benetan larria da. Ehunka pertsona hiltzen da gizaki orok duen lekualdatzeko eskubidea erabiltzen dutelako, beste herrialde batean bizitzeko baldintza duinagoak bilatzeari ekiten diotelako», azaldu zuen. Atzerritar ez komunitarioak ere «lan prekarioaren biktima» direla azaldu zuen, eta murgildutako ekonomiara pasatzeko duten arriskua «benetan handia» dela adierazi zuen.
|