Joan den asteburuan (martxoak 17, 18, 19) zenbait euskal komunikabide alternatibok Bilboko Kukutza gaztetxean topatu ziren. Bilera hauen ideia aurreko urtean Markinan izan ziren Gazte Mugi topaketetan sortu zen. Markinan egon zirenek, gazte mugimenduaren baitan komunikazioak zuen garrantziaz hitz egin zuten eta solasaldi horietatik zenbait ideia eta erronka atera zituzten.Horren ondorioz, Euskal Herriko zenbait komunikabide alternatiboetako partaideek Komunikabide Alternatiboen Gazte Topaketak antolatu zituzten. Topaketa hauetan, Ukberri.net, Zintzur aldizkaria , irratia.com eta Gaztesarea parte hartu zuten, besteak beste.
Hiru egunetan zehar zenbait gaien inguruan eztbaidatu ostean, bederatzi ondorio orokor atera zituzten. Alde batetik, komunikazio alternatiboaren unibertsoa sortu behar dela aipatu zuten, elkarlaguntza eta esperientziak trukatzeko asmoarekin. Gainera, Komunikazio mota hau lehen informazio iturria izatera iritsi behar dela azpimarratu zuten, «alternatiba erreala izan nahi badu».
Horrez gain, ahalik eta jende gehienarengana iritsi behar direla aipatu zuten, beti ere, proiektuaren oinarriak baldintzatu gabe eta «kalitatezko proiektu erakargarriak eta txukanak eginez».
Gazte topaketen beste ondorioetariko bat, «komunikazioa militantzia esparru gisa ulertzeko beharra berrestea» izan zen. Era berean, antolatzaileek kezka bat izan zuten; topaketetan proiektuen ordezkaritza gehiena gizonezkoek osatu baitzuten eta ondorioz, fenomeno hori aztertzeko premia zehaztu zen.
Halaber, Euskeraren berreskurapenerako «Gazte Hitzarmenaren baitan konpromisoak hartzeko» deia luzatu zuten. Gainera, «gazte hizkera» aurrera eramango dutela eta euskararen erabilpena bultzatzeko «egoera egokiak» sortzen lagunduko zutela jakinarazi zuten.
Bestalde, komunikabide alternatiboek artxibategi lanari garrantzia emango diotela eta horretarako «irizpide tekniko komunak» aurrera eramango dituztela adierazi zuten. Horretaz gainera, hemendik aurrera, kontrainformatu.info webgunea eta komunikabide alternatiboen posta zerrenda elkarlanerako tresnatzat definitu zituzten.
Adostu zuten azkenengo ondorioa da, aurreikuspenez jokatzeko asmoarekin «aurrera begira, espektro elektromagnetikoan izan daitezkeen aldaketak aztertzea». Hortaz, laburbiduz, hiru urrats nagusitan banatu daitezke topaketetan ateratako konklusioak: Elkarlanaren beharra, artxibaketa lanaren garrantzia eta euskararen erabilera zuzena, jasoa eta propioa sustatzea.
«Puntuz puntu landuz»
Topaketen ondorio orokorrak zeintzuk izan ziren aipatu ostean, eman beharreko urratsak puntuz puntu aztertu zituzten. Komunikazio ohiturari dagokionez, proiektuak «kalitatezkoak, erakargarriak eta txukunak» izan behar direla adostu zuten eta komunikazio esparru guztiak lantzearen premia aurreikusi zuten. Era berean, militantziari buruz mintzatu ziren. Esparru honi buruz, «antolakuntzan hutsune handiak daudela» esan zuten eta ezinbestekotzat jo «komunikabide alternatiboen militantzia».
Hizkuntzaren alorrean hartutako erabakien artean, «gazte hizkera sortzeko edo biltzeko beharra ikusi da, nahiz eta nola egin aztertzean zalantza asko sortu diren». Horretarako, egitasmo alternatiboek, gazteriaren euskararen erabilpena bultzatzeko egoera egokiak sortzen lagundu behar dutela aldarrikatu zuten. Hizkuntzaren ezaugarriei dagokienez, «euskara erakargarria, azkarra eta ahal dela jasoa» izan behar dela aipatu zuten.
Arestian aipatu bezala, Gazte Mugimenduaren Artxibategi Historikoari buruz mintzatu ziren. Artxibategiak bi lan beteko lituzke, alde batetik, gazte mugimenduaren materiala biltzeari dagokiona eta proiektu alternatiboen eguneroko lana biltzekoa. Bestalde, bigarren horri heltzeko, ekoiztutakoa jasotzeko eta artxibatzeko beharra ikusi dute.
Langintza horretan formatu askeak lehenetsiko direla adostu zuten eta edukiak gordetzeko «erabilgarritasuna» izango da erabiliko duten irizpide nagusia.
Azkenik, elkarlanerako tresnen esparrua aipatu beharra
dago. Topaketetan parte hartu zutenek, «etengabe eta beharraren arabera
elkarlanerako tresna zehatzak sortuko direla» zehaztu zuten. Orain arte, bi dira
martxan jarri direnak, aipatutako kontrainformatu.info webgunea eta komunikabide
alternatiboen posta zerrenda, hain zuzen ere. Horrela, hedabide alternatiboek
ekimen berezietan elkarrekin lan egingo dutela esan zuten. -