Prozesua baldintzatzea helburu duten adierazpenak gaitzetsi ditu Batasunak
Euskal Herrian prozesu demokratiko bat abiatzea xede izanik, «beharrezkoa den mahai politiko hori lehenbailehen eratzea» jo zuen lehentasuntzat Joseba Permachek, herritarren parte-hartzearekin batera. Gaur egun, «zuhurtzia» eta «ardura politikoa» oinarri dituen lanak behar direla adierazi zuen, eta eztabaida «publikoak» alboratu zituen.
HERNANI
«Anoetako proposamenak erakutsi zuen giltza. Urte eta erdian erakutsi du eman dezakeen emaitza», esanez hasi zuen bertsolariak atzo saioa ehundik gora lagunen aurrean. Izan ere, goizean Hernanin elkartu ziren Batasunak abian duen Anoetako proposamena zabaltzeko dinamika dela-eta egindako eskualdeko ekitaldian. «Euskal herritarron erabakia errespetatu» lelopean egindako ekitaldi politikoan hartu zuen parte Joseba Permach Batasuneko mahaikideak, eta azken egunotan hainbat ordezkari politiko eta instituzionalek komunikabideen aurreanegindako adierazpen publikoak gaitzetsi zituen, konponbideen prozesua baldintzatzeko xedea dutelakoan. Hala nola, Ibarretxe lehendakaria aipatu zuen. Permachen esanetan, Anoetan aurkeztutako proposamenean jasotzen den metodologia martxan jarriz gero, nolabait, azken helburua euskal herritarren erabakia errespetatzeko ekimena egiten da. Alde horretatik, baldintzak eta aukerak sortzen ari direla adierazi zuen mahaikideak, bai eta Euskal Herrian konponbide demokratikorako prozesu bat abiatzeko indarrak lehenbailehen bildu behar direla ere.
«Harreman multilateralak» Prozesu demokratiko bat abiatzeko, azken egunotan hainbat ordezkari politikok daten inguruan eta mahai kopuruen inguruan egindako adierazpenak aipatu zituen jarraian Perma- chek. «Zuhurtziaz» eta «ardura politikoz, baina «sekretismorik gabe» egin beharreko lanak «publikoki» eta komunikabideen aurrean egiten dituztela gaitzetsi zuen, eta, horiek prozesua bera baldintzatzea dutela helburu aipatu. Batasuneko ordezkariaren aburuz, eragile politikoek gaur egun izan beharreko ardurak bi norabidetan joan beharko luke: «Herritarrei prozesuan parte hartzeko aukerak eskaini behar dizkiete datorren apirilaren 1ean Bilbon egingo duten manifestazioa nabarmendu zuen atal honetan, eta Euskal Herriko alderdi politiko eta eragile sozialek, harreman bilateral eta multilateralen bitartez, prozesuaren oinarriak, konpromisoak, printzipioak eta metodologia hitzartzeko erabaki irmoa hartu behar dugu».
Orain, «lana, borroka eta konpromisoa»
HERNANI «Prozesu demokratiko baten atarian egon gaitezke», esan zien atzo Permachek Hernanin bildutakoei, baita orain prozesuaren norabidea argitu beharra dagoela ere. Horretarako ere, bidea argitzeko, betiko hiru errezeta beharko direla gogorarazi zien bertaratuei: «Lana, borroka eta konpromisoa». Orain arte bezala, ezker abertzaleko kideei dei egin zien garai berri hauetan ere borrokan segitzeko, eta egungo egoerara «borrokaren bidez» iritsi dela esan zuen. Une horretan, «bidean gelditu direnak» gogora ekarri zituen Permachek, eta txalo zaparrada artean erantzun zioten bertaratuko lagunek. Igor Angulo eta Roberto Saiz ere gogoratu zituen. «Hasiera da» «Borroka garrantzitsu baten hasiera da ETAren ekarpena, eta zuen lana ezinbestekoa izango da», gaineratu zuen mahaikideak. Konpromisoak hartu eta mobilizazioetan partaide bilakatzeko deia ere egin zien bertaratutakoei. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen argazkien aurrean dantzatu zuten aurreskua bi dantzarik segidan, eta Eusko gudariak abestuz amaitu zuten.
|