BERGARA
Seguros Bilbao taldeak asteburuko bigarren garaipena erdietsi zuen atzo Gorlako Igoeran. Beñat Intxaustik beste erakustaldi bat egin zuen maldan gora, eta aho zabalik utzi zituen denak, aurkariak eta zaleak. Maila harrigarria du Zornotzako 20 urteko gazteak.
«Sinestezina». «Egundokoa». Hitz horiek esan zituen atzo Alfus-Tedes taldeko Goikoetxeak Intxaustiri buruz. «Bigarren postua garaipena da niretzat», esan zuen Ondarroakoak.
Izan ere, Intxaustik sekulako bigarren igoera egin zuen Gorlara.Guztiak utzi zituen atzean; Toribio (Caja Rural) besterik ez zen ausartu, eta hura bakarrik gai izan zen bizkaitarraren gurpila harrapatzeko. Baina azken kolpeari ez zion eutsi, lehertuta, eta Intxausti tximista moduan abiatu zen helmugara. Laugarren aldiz altxatu zituen besoak aurten, bi garaipen dituen arren. Laukizko eta Lizartzako lasterketetan indartsuena izan zen baina taldekideekin batera heldu zen amaierara.
Dena den, Intxaustiren atzoko lorpenaren atzean talde osoaren lana dago.Seguros Bilbao taldeak zaldi irabazlea du, eta horrela egin zuen lan.
Euskal tropelak iaz baino maila hobea du 23 urtez azpikoen artean. Hain zuzen, Caja Ruralek talde polita du eta atzo lasterketa apurtzen saiatu zen. Aurreneko igoerak ez zuen tropela hautsi.Ordekan hasi zen lehia, ordea. Lizarragak, Delgadok eta Aramendiak (Caja Rural) alde egin zuten Romerorekin batera (Debabarrena).
Berehala, aldea lortu zuen laukoteak. Bidelan, Alfus eta Seguros Bilbao taldeak tiraka hasi ziren atzetik. Xabier Artetxeren mutilek lan zorrotza egin zuten buruan, eta alde hori murriztu zuten.
Gorla igotzen hasita, Etxarrik eta Castroviejok erritmoa bizitu zuten eta bidea ireki zioten Intxaustiri. Horrek primerako erantzuna eman zuen eta txinpartak atera zituen errepidean.
Sailkapena
Espainiako Kopan, Escola izan zen garaile Macario Sarian, Madrilen, eta Baqueko Gutierrez zortzigarren sailkatu zen eta liderra da. Azkenik, Casar de Periedoko lasterketan, Ramontxu Garmendiak garaipena eman zion Azysa taldeari.