- Berezkoen Binakakoa
Idiart eta Ezkurra Angeluko finalean izango dira
·Norgehiagoka hastapenean erabaki zen 19 eta 1 aurreratu baitziren irabazleak
IDIART- EZKURRA II 40
ETXEBERRI - OZAFRAIN 30
BAIGORRI
Idiartek eta Ezkurra II.ak lortu zuten, atzo, Baigorrin, datorren larunbatean Angelun izango den Binakako Txapelketako finala jokatzeko lehenengo txartela.Partidaren gakoa hastapenean egon zen. Idiart eta Ezkurra II.a oso ongi hasi ziren; eta Etxeberri eta Ozafraini, ordea, jokoan sartzea ikaragarri kosta zitzaien; konturatzerako, 19-1 aurretik zen gero irabaziko zuen bikoa. Oraindik asko falta zen amaitzeko, baina 18 kintzeko aldea handiegia da, eta partida ia erabakita geratu zen. Hala ere, orduan hasi ziren jokoan sartzen galtzaileak, eta apurka-apurka markagailuan gerturatzen hasi ziren. Etxeberri nabarmendu zen batez ere; izan ere, Ozafrainek atzo ez baitzuen bere egunik onena izan. Hala ere, berdeen erreakzioa berandu heldu zen, eta Idiartek eta Ezkurrak lasai-lasai egin zuten beren jokoa; kintzeak segurtatuz, azkenean finalerako txartela lortu zuten. Idiart izan zen partidako onena. Hastapena ikaragarria izan zuen, eta sekulako jokoarekin dagoela garbi utzi zuen. Ezkurra II.ak ere neurketa ona egin zuen, eta berriro ere mendean hartu zuen Patrick Ozafrain.
Gaur beste finalerdia
Gaur 17.00etatik aurrera jokatuko dute Donibane Garaziko Garat trinketean bigarren finalerdia, eta han izango dira aurrez aurre Muskarditz-Etxeto eta Sorhuet-Biscouby.Lehen bikoa da faborito, ez gaurkoa irabazteko soilik, baita txapela janzteko. Final-laurdenetako partida oso erraz irabazi zuten, bederatzian utzi baitzituzten aurkariak. Sorhutek eta Biscoubyk ezustea eman zuten, eta gaur ere gauza bera egin nahi dute, nahiz eta kontrarioak oso gogorrak izango dituzten.
|