- Urrezko Aizkora -
Lasak apusturako prest dagoela erakutsi du Senosiaini irabazita
·Mugertzak, Etxebestek eta Txapartegik ere aurrera egin dute
DONOSTIA
Jexuxmari Lasak Olasagastiren aurkako apusturako ederki prestatuta dagoela erakutsi zuen berriro ere herenegun arratsaldean Leioan, eta Lehen Mailako beste aizkolari bat kanpoan utzi zuen. Oraingoan, Antonio Senosiain izan zen.Legorretako aizkolariarekin batera, Mugertzak, Txapartegik eta Etxebestek ere aurrera egin zuten, eta hurrengo kanporaketan izango dira. Bai Leioan bai eta Asteasun jokatutako saioetan ere, hasteko 45 ontzakoa zutik moztu behar izan zuten.Gero, erlojuz kontra 45 ontzakoa etzanda izan zuten, eta ondoren, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu. Azkenik, lau kana-erdiko moztu behar izan zituzten. Lasak ez zion inolako aukerarik eman Senosiaini, Binakako txapeldunari. Erdozia, LehenengoMailakoa, eta Juanjo Lopez maila horretan urte askoan ibili dena menderatuak ditu. Beti besteak atera dira faborito, baina Lasak lan bikaina egin du, eta horiek denak baino hobea izan da. 1.22 izan zen zutikako enborrean egin zuen denbora, eta Senosiainek sei segundo gehiago behar izan zituen. Etzandakoan, 53 segundo pasatu zituen Lasak, eta hiru gutxiago Senosiainek. 60 ontzakoarekin, segundo bat kendu zion gipuzkoarrak, eta saio luzea 8.56an amaitu zuen Lasak, eta 1.48 gehiago behar izan zituen Senosiainek. Mugertzak, berriz, aurreikuspenak bete zituen, eta aurrera egin zuen Vicente mendean hartuta. Zutikako enborrean 1.12 pasatu zituen mutrikuarrak, eta 1.40 nafarrak. Erlojuz kontrakoan, 51 segundoan bota zuen enborra Mugertzak, eta bost segundo gehiago behar izan zituen Vicentek. 60 ontzakoa botatzen, berriz, 2 minutu eta 51 segundo behar izan zituen Mugertzak, eta Otsagabiakoak bost segundo gehiago. 9.10 izan zen Mutrikukoaren lan luzeko denbora, eta 9.47 Vicenterena. Gauean, Asteasun bazegoen Rekondo ikusteko gogoa, joan den astean Barberenari irabazi baitzion, baina leitzar gazteak ezin izan zuen Etxebesterekin, eta saio bakarra irabazi zuen. 1.22 izan zen Igeldokoak zutikako enborrarekin pasatu zuen denbora, eta bi segundo gehiago Rekondok. Erlojuz kontra 58 segundoan bota zuen 45 ontzakoa gipuzkoarrak, eta bi segundo gutxiagotan amaitu zuen lana leitzarrak. 60 ontzakoarekin, ordea, ia dena erabakita geratu zen, Igeldokoak ia minutu bateko aldea kendu baitzion Rekondori. 1.58 izan zen Etxebesteren denbora, eta 2.53 Rekondorena. Azkeneko saioan ere, Etxebeste jaun eta jabe izan zen, eta minutu eta erdiko aldea kendu zion. 11.10 izan zen gipuzkoarraren denbora, eta 12.35 leitzarrarena. Amaieran, eta lan bikaina egin ostean, 20 urteko gazte horrek agur esan zion Urrezko Aizkorari, eta orain gazteen lehian sartuko da. Otaño ikusteko ere gogoa bazegoen, bi aste barru izango baitu Olasagastiren aurkako apustua, baina galdu egin zuen Txapartegirekin, nahiz eta zutikako enborrean minutu bat pasako aldea kendu zion. 2.36 izan zen Txapartegiren denbora, eta 1.33 Otañorena. Gero, erlojuz kontrakoan hasi zen Aizarnakoa aldeak murrizten. 58 segundoan bota zuen enborra, eta bost segundo gehiago behar izan zituen Ibarrakoak. Txapartegik atzetik zuen aldea 60 ontzakoarekin berreskuratu zuen. 1.56 izan zen haren denbora, eta 2.57 Otañorena. 9.14an amaitu zuen lan luzea Txapartegik; eta 10.57n, berriz, Unai Otañok.
|