Spyro Bera Berak ez zuen gehiago merezi izan
·Irabazten hasi arren, El Salvador hobea izan zen
SPYRO BERA BERA 10
EL SALVADOR 26
DONOSTIA
Spyro Bera Berak ezin izan zuen garaipenik lortu, eta berriro ere puntuek ihes egin zuten Anoetako estadio txikitik. Hori bai, aurten lesioak ikaragarri izan ditu Donostiako taldeak, eta jokalari gazte askok izan dute lehen aldiz Ohorezko Mailan jokatzeko aukera. Atzo bertan, gazte mailako Genbe lehen aldiz aritu zen.Feijjoren mutilak ongi hasi ziren, eta 7-0 aurreratu ziren markagailuan, Buenok transformatutako entsegua Martinek lortu baitzuen. Pozak, ordea, ez zuen luzaroan iraun, kanpotarrak hobeto aritu baitziren, eta beren jokoa eginez, berehala hasi ziren min egiten. Hasteko partida berdindu egin zuten, eta hortik aurrera bidea nahiko garbi izan zuten garaipena eskuratzeko. Bigarren zatian ere gauzak ez ziren asko aldatu, eta Valladolideko taldea hobea izan zen, eta merezimendu osoarekin eraman zituen puntuak Donostiatik. Mailako talderik onenetakoa dela agerian utzi zuen. Bera Berak Liga irabazteko, edo borroka horretan ibiltzeko asmoarekin ekin zion, baina asmo horiek betetzetik aparte geratu da. Hala ere, badute aitzakia; izan ere, oso zaila baita aurten bezainbeste lesio izatea, eta helburuak hurrengo urterako utzi beharko dituzte. Orain Kopa izango dute buruan, hori hasteko baitago, eta hor ere itxaropenak badituzte. Asteburuan Getxon jokatuko dute, eta bizkaitarrek asko dute jokoan. Bigarren itzuli negargarri baten ostean jaitsierako postuetan sartu baitira atzo galdu ostean, donostiarrei irabaztea beharrezkoa dute.
|