- Biarritz
Lealamanu’a ez da Saleren aurka arituko
BIARRITZ
Biarritzeko ezker pilierra, Kasiano Lealamanu'a samoarra, ez da arituko datorren igandean lapurtarrek Sale Sharks ingelesen aurka Donostiako Anoetan jokatu behar duten Europako Kopako final-laurdenetako neurketan.
Samoarrak ezker belaunean min hartu zuen Clermonten aurkako neurketako 8. minutuan egindako uztarketan. Balan errumaniarrak hartu zuen haren lekua hamabostekoan. Lealamanu'a-ri erresonantzia magnetikoa egingo diote gaur, kolpeak lotailuetan eraginik izan duen edo ez jakiteko eta berriro jokatzeko moduan noiz egongo den jakiteko, baina aurreneko diagnosiak bihurritu bat izango dela esan du. Larunbatean eskuin pilier gisa aritu zen Benoit Lecoulsek ere 48. minutuan aldageletara joan behar izan zuen, baina Anoetako estadioan jokatzeko moduan egongo dela uste dute BOko medikuek, zerbikalen pareko muskuluetan kolpe handia hartu zuen arren.
Aurrez, Biarritz Olympique-k denboraldi osorako Denis Avril eskuin pilierra galdua zuen, eta haren ordez Cencus Johnston samoar gaztea fitxatu zuen.
|