GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-03-29
Aiete monumentu izendatzeko eskaera onartu du Lakuako Kultura Sailak
Donostiako Udalaren bi proiektu bete-betean jotzen dituzten erabakiak hartu ditu Lakuako Kultura Sailak. Lehenengoa Aieteko jauregi eta parkea «monumentu multzo» izendatzeko espedientea abiatzea da. Horrek kolokan jarri du Odon Elorzak han kultur etxea eta Giza Eskubideen Institutua egiteko duen proiektua. Bigarrenak, aldiz, Gas Fabrika lekuz aldatzea ahalbidetu du, baldintza jakin batzuetan, ordea. Lakuari eta Foru Aldundiari Donostiaren kontra jotzea leporatu die Odon Elorzak.

DONOSTIA

Aieteko jauregia kultur etxe eta Giza Eskubideen Institutu bihurtzeko proiektuak zalaparta handia sortu du azkenaldian. XIX. mendeko eraikin eta lorategietan izan lezakeen eraginak kezkatuta, iaz, herritar talde batek babesteko eskatu zion Lakuari. Eskaera hori kontuan izanda hartu du erabakia Kultura Sailak, Gurutz Larrañaga sailburuordeak eta Arantza Arzamendi Ondare zuzendariak atzo prentsaurrekoan esan zutenaren arabera. Erabakia honakoa da: Aieteko eraikinak ­jauregia, kapera, usategia eta beste­ eta lorategiak «monumentu multzo» izendatzeko espedientea abian jartzea.

Espedientea egin bitartean, Aieteri, Ondare Legeari jarraituz, behin-behineko babes araubidea aplikatuko zaio. «Horrek esan nahi du han edozein gauza egiteko Foru Aldundiaren oniritzia ezinbestekoa izango dela», ohartarazi zuen Larrañagak. Kontuan izan behar da dagoeneko ezaguna dela Foru Aldundiko arkitekto batek Elorzaren proiektuari buruz eginiko txosten oso kritikoa.

Gas Fabrika ere eztabaidagai

Aldizkari Ofizialak ondoko egunetan emango du Kultura Sailaren erabakiaren berri, eta gero interesa dutenek ­Udalak barne­ alegazioak aurkezteko epe jakin bat izango dute. Alegazioak aztertu ondoren, espedientea egingo du Sailak, eta orduan, oraingoz behin-behinekoa baino ez den babesa behin-betiko babes bihurtuko da, «neurrira egindako babesa».

Odon Elorzaren erantzuna berehalakoa izan zen. Lakuari eta Foru Aldundiari elkar hartuta udal gobernu taldearen proiektuak eragoztea leporatu zien, betiere Donostiaren kaltetan. «Hogeita bost urte izan dituzte Aiete monumentu multzo izendatzeko, eta ez dute egin. Joan zen abuztuan, Ondare zuzendariari Donostiako ondare zerrenda eskatu genion, eta zerrenda horretan ez da Aiete ageri», esan zuen alkateak, Efek bildutako adierazpenetan.

Ekimen «administratibo eta juridikoak» iragarri zituen Elorzak, eta, bide batez, berriro salatu zuen Lakuak orain arte ez duela San Telmo zaharberritzeko proiektuarekin bat egin. «Kulturako dirua, gehienetan, Bilbora doa», gehitu zuen.

Kultura Sailak Gas Fabrikari buruz hartutako erabakia, aldiz, Udalak berak eginiko eskaerarekin bat dator. Sailak hainbat baldintza jarri ditu, ordea. Eta baldintza horiek ere ez dira Elorzaren gustukoak.

Kontuan izan behar da Morlanseko Gas Fabrika zaharraren hainbat elementu 2002an monumentu izendatu zituztela, hain justu, gasometroa, gasomotorea eta berau biltzen duen eraikina. Alabaina, Morlansen babes ofizialeko 584 etxebizitza eta eskola publiko bat egiteko plana du Udalak, eta babestutako elementuek traba egiten omen dute. Horregatik, lekuz aldatzeko baimena eskatu zuen Udalak.

Kultura Sailak ontzat jo du eskaera, baldin eta babestutako elementuak inguru hartan bertan duin kokatzen badira. Horretarako, Udalak proiektu zehatza aurkeztu beharko du. Nolanahi ere, Larrañagak garbi utzi nahi izan zuen leku aldatze horren gastuak, Ondare Legeak aurreikusten duen bezala, «jabearen» kontura joango direla, hau da, Udalaren kontura. Proiektu zehatzik ezean, nekez esan daiteke zenbateko gastuak izango diren, baina, beste aurrekari batzuk ezagututa, garbi dago ez direla hutsaren hurrengo izango.

Erabakia «pobrea eta tristea» dela esan zuen Elorzak. Babestutako elementuak Miramonera eraman nahi zituen. Morlansen bertan berreraiki behar baldin badira, berriz, ikastetxe berriaren patioan geratuko direla esan zuen.



Ondarea traba omen da
Martin ANSO

Odon Elorzak zuzentzen duen Udalaren eta Foru Aldundiaren ­eta kasu honetan Lakuaren­ arteko harreman publikoak ez dira batere onak, ez kultura alorrean, ez beste hainbat alorretan ere. Aldundiari eta Lakuari etengabe leporatuko die Elorzak, alderdikeria dela medio, hainbat proiektu eragoztea edo behar beste ez sustatzea, betiere Donostiaren kaltetan. Bilbok omen duen lehentasunezko tratua ere sarri aipatuko du, atzo aipatu zuen bezala. Hori dena Elorzaren asmakizunak baino ez direla erantzun ohi dute Foru Aldundiak eta Lakuak. Kontua da ­argudiatuko dute­ gauzak «behar bezala» egin behar direla, eta Elorzak, aldiz, ez «behar bezala», baizik eta nahi duen bezala egin nahi dituela. Beraz, gainerako erakundeek ez dute zertan beti haren «kapritxoetara» makurtzen ibili behar.

Horraino, joko politikoa. Bakoitzak dituen kartak kontuan hartuta jokatzen du partida. Baina jokoaren zalapartak ez luke kasuan kasu eztabaidatzen dutenaren muina zein den aditzen eragotzi behar. Eta kasu honetan hauxe da: ea katalogatutako ondareak berezko balioa duen ala bakar-bakarrik balio duen beste proiektuei (beti «goi asmoko» proiektuak, noski) «enbarazo» egiten ez dien artean. Donostian, orain arte, behintzat, bigarren aukera izan da nagusi. Horren lekuko da iragan hurbila. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Auzitegi Nazionala «malgua» izatea espero du Patxi Lopezek
Euskal Herria
Entre los sentimientos y el realismo
Euskal Herria
Ven la sombra del PNV detrás de las dos detenciones
Ekonomia
Unánime grito en Baiona: «Villepin, retira los CPE»
Kultura
«¡Rusia!» ofrece un paseo por ochocientos años de historia
Euskal Herria
Agentes de distinto signo político piden que Otegi no sea encarcelado
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea