Etxebizitza Guztiontzat plataformak etxegintzan dagoen «espekulazioa» salatu du
BILBO
Etxebizitza Guztiontzat plataformak salneurri tasatuko etxebizitzen politika salatu zuen atzo Bilbon, elkartearen ustez, Gasteizko eta Iruńeko Gobernuak, foru aldundiek eta udalen apustuek, mota horietako etxebizitzak bultzatzen baitituzte.
Horren adibide bezala, hirukoak, PSEk eta Eudelek sinatu berri duten akordioa aipatu zuen. Proiektu horri esker mota horretako «etxebizitzetarako erreserbak» sortzen direla kritikatu zuen, eta hori babes ofizialeko etxebizitza klasiko eta sozialen erreserben kalterako izaten dela.
Plataformaren bozeramaile Beatriz Martxuetak esan zuen Lurzoruaren Legeak EAEn aginduko duenaren arabera, salneurri tasatuko etxebizitzek babes ofizialekoek baino %70 gehiago balio ahal izango dutela, eta horietarako sarbide aukera 43.000 euro arteko diru sarrerak dituzten pertsonek izango dutela.
Horregatik, Etxebizitza Guztiontzat-ekoek «alokairu sozialeko parke publikoaren» aldeko apustua egin zuten. Plataformaren ustez, «politikek gizartearen sektore guztiak» kontuan hartu behar dituzte, bai maila ekonomiko handikoak baita ez dutenak ere. Hori dela-eta, etxebizitzaren arazoari «konponbide unibertsal bat» eman behar zaiola uste du, eta helburu hori lortzeko zenbait puntu aipatu zituen.
Alde batetik, instituzioek neurri ausartagoak hartu behar dituztela esan zuen, «arazoaren sustraietara» heltzeko.
Gainera, etxegintza sektoreko enpresen etekinak erraztu beharrean, etxebizitza politika «gizartearen beharretara» zuzendu behar dela aldarrikatu zuen.
Horrez gain, arazoa konpontzeko zuzeneko gastuaren bidezko diru publiko gehiago erabili behar dela kritikatu zuen.
Plataformak gogorarazi zuenez, tasatutako etxebizitzek ez dute arazoa konpontzen; hortaz, kideek ez dute beharrezkotzat jotzen «bat bera ere eraikitzea».
Horregatik, plataformak aldarrikatu zuen «herritarren diruarekin eraikitako etxebizitza» baliabide iraunkor gisa esku publikoetan izan behar dela. Hala, Etxebizitza Guztiontzat-eko kideek iragarri zuten, epe luzera begira, «nor bere diru sarreren araberako errentak dituen alokairu sozialeko parke publikoa» behar dela.
Plataformako kideek esan zuten etxebizitza eskubidearen urraketaren emaitza, sektore pribatu batzuk aberasten diren heinean, lehen mailako gizarte arazoa dela, eta arazoa, zenbait kolektiboei dagokienean, «larriki» areagotzen dela gaineratu zuten.
Izan ere, gazteek, emakumeek, guraso bakarreko familiek edo etorkinek etxebizitza duin bat lortzeko «izugarrizko arazoak» dituztela salatu zuten.
«Gaur egun Euskal Herrian eskubide honen merkantilizazioa izaten da, eta etxebizitzarako sarbidea merkatuaren legeen eta espekulazioaren menpe gelditzen da», esan zuten plataformako kideek.
Beraz, alokairu soziala aldarrikatzeko martxa bat antolatuko dute apirilaren 8an Bilboko Bihotz Sakratuan.
Horrez gainera, Etxebizitza Guztiontzat plataformako kideek egun hauetan zehar gaiaren aldeko mobilizazioak egingo dituztela jakinarazi zuten.
«Merkatuaren logikatik kanpo kokatu behar da»
BILBO Egoera honen aurrean, Etxebizitza Guztiontzat plataformako kideek zenbait gauza aldarrikatu zituzten. Etxebizitza eskubide bat dela gogorarazi zuten, eta, ondorioz, «merkatuaren logikatik kanpo» kokatu beharra dagoela azaldu zuten. Horretarako, instituzioen politikak erabat aldatu behar direla esan zuten, gizartearen beharrei erantzuna emateko eta ez «interes pribatuak» babesteko. Beraz, hori guztia gauzatzeko, hainbat administrazioren etxebizitza alorreko aurrekontuen handitzea derrigorrezkoa dela esan zuten. Diru publikoa etxebizitza publikoaren zuzeneko sustapenera bideratu behar dela gaineratu zuten, hala, «horren probetxamendua bermatzeko». Beraz, plataformak planteatzen duen soluzioa alokairu sozialen aldeko apustua egitea da, baina, horretarako, «administrazioaren baliabideekin espekulatzeko aukera desagertzea» lortu behar dela aldarrikatu zuten. Etxebizitza Guztiontzat-ek gaineratu zuen apustua benetakoa ez den bitartean, Gizarte Larrialdietarako laguntzak zeharo bermatuta egotea derrigorrezkoa dela. Horrez gain, okupazioaren aldeko aldarria egin zuen «etxebizitza eskubidearen urraketa izaten den inguru honetan», eta zigor egoeraren inguruko hausnarketa eskatu zuen.
|