Urte batzuetako geldialdiaren ondoren 1996, 1997 eta 1998 urteko aleen
ostean, berriz ere kalean da Orereta urtekaria, 2005ekoa oraingoan.
Euskarazko argitalpen horren helburua da herriaren urteari argazkia ateratzea,
begiratu batean memoria esnarazteko moduan. Bihar, osteguna, aurkeztuko dute
herritarren aurrean Xenpelar etxean, 19.30etan.
Zein ibilbide izan du Oreretako urtekariak?
Proiektua 1996ko urtekariarekin abiatu zen. Orduan ez genuen hartzen urte
naturala, Madalena jaiak hartzen genituen erreferentzia, uztailetik uztailerako
urtea, beraz. Herritar talde batek bultzatutako proiektua izan zen, eta hasiera
hartako asmoak Orereta izenari eta euskarari bultzada ematea izan
ziren. 1996koa, 1997koa eta 1998koa argitaratu genituen.
Eta geldialdi baten ostean dator 2005. urteko alea. Zertan da
hasierako haien berdina?
Berdinak dira urtekariaren oinarriak: batez ere, herri mugimenduak parte
hartu du, artikulu asko eta asko herriko elkarteek idatzitakoak dira; euskaraz
dago, eta beste kronika handietan agertzen ez diren gertaeren bilduma da.
Eta zertan da desberdina?
Batetik, urte naturala hartu dugu oinarri, urtarriletik abendura. Gainera,
aurten jende gehiago elkartu gara proiektu hau aurrera ateratzeko. Hamar bat
laguneko lantaldea osatu dugu eta lanak ondo banatu ditugu. Horretaz baliatuta,
datozen urteetan proiektuarekin jarraitu nahiko genuke. Diseinuan ere badaude
berrikuntzak aurtengo urtekarian; lehenengoz lau koloretan argitaratu dugu, eta
irudiek asko irabazi dute. Gainera, 2005eko urtekaria grafikoagoa da, irudi
gehiago daude eta freskoagoa da.
Nola dago egituratuta?
Hiru atal nagusi ditu. Lehenengoa gaiei dagokie; politika, jendartea,
kultura, euskara eta kirolak atal nagusietan banatzen dira gertaerak.
Bigarrenak, monografikoa deitzen dugunak, gai bat zabalago lantzen du. Hor Jon
Graciak egindako 1610. urteko lamina da gai nagusia. Bertan, urte horretan
Orereta nolakoa zen islatu du Graciak, eta egindako lan bikaina txalotzeko modua
da urtekaria. Eta hirugarren atala kronologia da.Hilabetez hilabeteko errepasoa
egin du, gertaera nagusiak nabarmenduz.
Ez al duzue Udalaren laguntzarik izan?
Laguntza bakarra urtekariaren 100 ale erosteko konpromisoa izan da.
Non aurki daiteke Oreretako urtekaria?
Guztira 1.000 ale kaleratu ditugu. Herriko hainbat puntutan izango da salgai
15 eurotan, liburudenda zenbait, tartean. Gainera, kalean mahaiak ere jarriko
ditugu urtekaria saltzeko.
Urtekaria aldatu da; eta Orereta aldatu al da?
Aldaketa handiegirik ez da izan. Orereta beti izan da ekimen askoko herria,
hilabetez hilabete joanda, begi-bistakoa da gauza mordoa antolatzen direla. Lan
handia egiten da, eta herritar asko dago ekitaldiak antolatzen eta lanean. Hori
hala zen lehen, eta halaxe izaten jarraitzen du orain. -