GASTEIZ
Aralar eta PSEko ordezkariak gaur bertan pasako dira Ibarretxeren bulegotik, ETAren ekintzen etenaldiak eragin duen egoeraz hausnarketa egiteko. Lehendakariak deitu ditu alderdi guztiak asmo horrekin. Balizko elkarrizketa mahaiari begira Ibarretxek izan beharko lukeen parte hartzearen inguruan sortu diren desadostasunak dira bilera horien ezaugarria.
Harreman horien berri ematerakoan, lehendakariaren asmoa «alderdiei entzutea» baino ez dela ziurtatu zuen Miren Azkarate Lakuako eledunak. «Zapaterorekin bildu aurretik herritarren ordezkariak entzutea garrantzitsua da», aipatu zuen.
«Ahalegin handiak beharko dira. Elkarrizketa, lasaitasuna eta lana behar dira, guztion artean, gizarteak nahi duena lortzeko:bakea eta irtenbideak», gehitu zuen Azkaratek.
Sortu behar den mahaiaz ere jardungo dute bileretan, edozein kasutan. Horri buruz galdetuta, Azkaratek ez zuen ezer ziurtzat eman. Ostiralean Ibarretxek udazkenerako iragarri zuen, hark sortua, eta horrek kritika ugari ekarri du, PSOE zein Batasunaren ordezkarien partetik. Hori dela-eta, Azkaratek ez zuen atzo horretan sakondu:«Ikusiko da zer den mahai hori: mahaia, triangelua, laukia edo ohe borobila. Eragile politikoek askatasun osoz hitz egin ahal izateko gunea izan behar da, herri honetarako duten egitasmoa azaltzeko», laburbildu zuen Lakuako eledunak.
Ostiralean EB, EA eta EAJ hartuko ditu Ibarretxek Lehendakaritzan, eta hurrengo asterako geratu da Batasunari eginiko gonbita. Azkarateri bilera hori Arnaldo Otegirekin gerta daitekeenaren menpe geratu ote den galdetu zioten, baina ez zuen argitu.
Ondoren, asteartean, Madrilera joango da Ibarretxe, Zapaterorekin hitz egitera.
PP ere bilera horietan parte hartzeko gonbidatuta zegoen, baina muzin egin dio. Atzo argudiatu zuenez, Legebiltzarretik kanpo legokeen alderdien arteko mahaia adostea da asmoa, eta ekimen horri ez diote zilegitasunik emango.
Patxi Lopez PSEko agintari nagusiak baietza eman dio gonbitari, baina atzo berriro argi utzi zuenez, mahaia osatzeko ardura alderdiei dagokie, ez lehendakariari. Gaurko bileran eratze prozesuari «lasaitasunez» ekin behar zaiola adieraziko dio Ibarretxeri, Lopezek iragarri duenez.