- N1
Avironek hartutako bideari jarraitu behar dio
·Gaur Romorantinen zelaian irabazten badute, atzekoei tartea irekiko die
BAIONA
Atzeratuta dituen bi partidetatik gaur estreinakoa jokatuko du Aviron Baionakoak Romorantine zelaian, 18.00etatik aurrera. Garaipena lortuko balute, gaur aurrez aurre duten taldea pasa egingo lukete, eta 36 punturekin sailkapenaren erdialdean kokatuko lirateke. Atzekoei tarte zabala irekiko lieke, betiere ahaztu gabe oraindik beste partida bat atzeratuta dutela, eta hori etxean izango dutela, gainera.
Avironek unerik txarrenean burua altxatzen jakin izan du, lehen postuetatik gertu egon ostean partida guztiak galtzen hasi zen, eta horrek jaitsierako postuetara bidali zuen, eta erreakziorik, gainera, ez zen ikusten. Gero, bi partida jarraian jokatu gabe geratu ziren, bat elurragatik eta bestea euriagatik, eta badirudi horrek mesede egin diela, hortik aurrera jokatu dituen bi norgehiagokak irabazi egin baitituzte.
Gainera, Strelzack eta Olazkoaga entrenatzaileek etxeko jendeari, gazteei, eman die aukera, eta horiek ongi aprobetxatzen jakin izan dute, taldearen ardura hartuta.
Orain dela bi aste Bidegain gazteak estreinako aldiz jokatu zuen, eta pasa den astean berak egin zuen gola. Degoul ere minutu dezente ari da izaten, nahiz eta gaur aulkian egongo den. Gaurkoan lehen aldiz deialdian sartu dena Lherbier gaztea izan da. Gazte mailako taldean ari da, eta ekipo hori Frantziako Lehen Mailan ari da. Itxaropen handia dute beregan, eta agian gaur joka dezake lehen aldiz lehen taldearekin. 18 urte bete berriak ditu.
Hamaikakoa honako hau izan daiteke: Ruffier, Pardeilhan, Talmont, Sergent, Laporte, Bidegain, Choplain, Chakir, Vaz, Vareilles eta Ech Chergui. Hori baieztatzen bada, Degoul, Lalague, Sautie eta Lherbier izango dira aulkian. Gaurkorako lapurtarren entrenatzaileek arrisku handia hartu dute, atezain bakarra eraman baitute Romorantinera. Ruffierri zerbait gertatzen bazaio, komeriak izan ditzakete. Aviron atzo arratsaldean abiatu zen, eta gauerako Romorantinen ziren.
|