Mikel GAZTAÑAGA | Atom taldeko txirrindularia
«Egutegi zabala dugu;orain ondo ibiltzea gure esku dago»
Atom taldearen elastikoa erakutsi du Estatu
frantseseko lasterketetan Mikel Gaztañaga gipuzkoarrak. Izan ere, bigarren
postua hirutan lortu du, Roue Tourangelle klasikoan eta Normandiako Tourraren bi
saioetan. Hirugarren urtea du Itsasondoko 26 urteko gazteak profesionaletan,
baina ez du zorterik izan. Hortaz, goi mailako taldera jauzia ematea du
helburua, Atom talde kontinentalean «gustura» dagoen arren.
Hiru aldiz izan zara bigarren; ondo hasteko, ezta?
Ilusioa handia dut, eta taldea goraka doa, poliki. Ni topera entrenatzen ari naiz, ahalik eta hobekien ibiltzeko hurrengo urtean. Oso ondo hasi naiz.
Espero al zenituen emaitza horiek?
Aurten nahiko ondo egin ditut entrenamenduak, eta
Frantziako lasterketak gustuko ditut, aldapa askodunak baitira. Normandiako
Tourrean ikusten nuen neure burua esprintentan lehiatzen, baina ez nekien hain
aurrean ibiliko nintzenik.
Neguan talderik gabe zinen; nola gauzatu zen zure fitxatzea Atom taldean?
Talde berria aterako zela entzun nuen, gertukoa. Igotzaileak ziren guztiak, eta lekua izan nezakeela uste nuen. Vazquez hasi zen taldeko berriak ematen; esaterako, seriotasuna zutela. Iguiñiz managerrarekin hitz egin nuen: tokia zuela esan zidan, eta ados jarri ginen.
Zer deritzozu egutegiari? Nik uste baino askoz hobea da. Korritzeko aukera asko
dugu, eta eskura dugu ondo ibiltzea.
Zuk zein lasterketa izango duzu hurrengoa?
Indurain klasikoa. Hortik bi astera, Tro Bro Leon eta Tour Finisterre lasterketak, Frantzian, eta Errioxa Itzulia.
Zein iritzi duzu taldeaz?
Orain dela gutxi hasi gara lehiatzen, baina kolonbiarrek maldan gora maila emango dutela espero dut. Elgezabalek eta Vazquezek ere badute maila.
Hiru urte daramatzazu profesionaletan,
baina ez duzu bide erraza izan... Horrela da, ez dut erraztasun asko izan. Baque proiektua polita zen, baina gauzak gaizki atera ziren eta kalean geratu ginen. Iaz, Catalunya taldean sartu nintzen. Oinarri gehiegi ez zuen, ordea, eta ez nintzen oso gustura ibili. Azkenik, aurten, sendo hasi naiz. Neguan taldea bilatzen izan zara azken
urteotan; egoera hori ez da aproposena...
Hainbat txirrindularik bizikleta utzi dute. Euskal Herrian badirudi esprinterrek garrantzirik ez dutela. Mundu hau gustukoa dut, lagunak eta familia alboan izan ditut, eta entrenamenduko kideek jarraitzeko esan didate. Inoiz baino zintzoago hartu dut denboraldia.
Helburua beste mailara jauzia ematea izan behar da...
Atomek hori du oinarri, eta talde hobea izatea espero dut. Dena dela, Atom haztea nahi nuke, oso gustura nabil-eta.
Pistan ere aritu zara, eta nahiko ondo. Ez al du etorkizunik?
Entrenamendurako beti egin dut pista, baina errepidean bidea egin eta txirrindulari ona izatea nahi dut. -
|