DONOSTIA
Mende berrian sartu ginenetik oreka da Buruz Buruko Txapelketako ezaugarri nagusia. Izan ere, 2000. urtean Patxi Eugik lehiaketa irabazi zuenetik beste bost pilotarik jantzi dute txapela. Aurtengoa, sei txapeldunen parte-hartzearekin, historiako ediziorik parekatuena izan daiteke. Estatistikek, behintzat, hori adierazten dute. Eskuz Banakako aurreneko txapelketa 1940. urteanjokatu zen. Groseko pilotalekuan izan zen finala, eta Atano III.ak jantzi zuen txapela, Iraetako Txikito 22-8 mendean hartuta. Ordutik 61 final jokatu dira, eta 23 pilotarik izan dute txapelketarik garrantzitsuena irabazteko ohorea.
Buruz Burukoa sortu zenetik pilotari askok errepikatu dute garaipena. Atano III.a lau urtez jarraian gailendu zen, Gallastegi hiru aldiz, Arriaran II.a eta Ogeta bina, Azkaratek sei txapel batu zituen, zazpi Retegi I.ak, Retegi II.ak hamaika... eta orduan hautsi zen joera hori. Izan ere, Asegarceko egungo kirol zuzendariak 1988. urtean bere bederatzigarren txapela eskuratu zuenetik Eugi eta Beloki izan dira titulua errepikatzeko gai izan diren pilotari bakarrak.
Datuak eskuan, argi dago gero eta zailagoa dela banakako txapela irabaztea. Urtetik urtera aurpegi berriak sartzen dituzte enpresek, eta orain arte behintzat apustua ondo irten zaie, parekotasuna eta emozioa irabazten duelako. Aurten, ordea, azken sei urteetan gailendutako pilotariren batek lor lezake garaipena. Izan ere, eskuz banakako txapelketa batek inoiz izan duen txapeldun kopururik handiena izango du aurtengoak, eta ezustekoa litzateke pilotari berriren batek txapela bereganatzea.
Buruz Buruko Txapeldunak
1. Retegi II.a (11) 80tik 88ra; 90 eta 93
> 2. Azkarate (6) 60tik 62ra; 64, 65 eta 67
3. Retegi I.a (6) 69tik 70ra, 72tik 75ra
> 4. Atano III.a (4) 40tik 46ra*
5. Beloki (4) 95, 98, 99 eta 2001
> 6. Gallastegi (3) 48tik 50*era eta 51
7. Eugi (3) 96, 99 eta 2000
> 8. Atano X (2) 66 eta 68
9. Ogeta (2) 58tik 59ra
> 10. Arriaran II (2) 55tik 56ra
11. Ariño I (2) 57 eta 63
> 12. Lajos (2) 71 eta 76
13. Bengoetxea III (2) 78tik 79ra
> 14. Galarza III (2) 91tik 92ra
15. Arretxe (2) 94 eta 97
> 16. Barberito I (1) 53
17. Soroa (1) 54
> 18. Gorostiza (1) 77
19. Tolosa (1) 89
> 20. Barriola (1) 2002
> 21. Patxi Ruiz (1) 2003
> 22. Mtz. de Irujo (1) 2004
> 23. Olaizola II (1) 2005
* Txapelketa bi urtetik behin jokatzen zen