Xabier Silveira berriro txapela jantzi eta euforiaren euforiaz besoak altxatuta agertokian ikusteagatik bakarrik joan liteke bat Elizondoko Lur dantzalekura. Hantxe izango da bihar lesakar txapelduna. 1976an jaio zen Lesakan eta hiru aldiz jantzi du txapela bere herrialdeko txapelketan, 1997an, 2004an eta 2005ean. Mila lagun inguru izango ditu entzuten Elizondoko Lur dantzalekuan, 750 inguru pistan eta besteak goiko anfiteatroan. Atarrabian egin zuen erakustaldia ikusita, hura da faborito nagusia, baina izango da estutuko duenik. Estitxu Arozenaren beterania izan behar da kontuan. Lesakan jaioa da hura ere, eta bitan izan da txapeldun, 1995ean eta 1998an.
Jon Barberena, aurtengo finalerako bigarren sailkatu dena, izan da finalaurrekoetan ezustekoa eman duena. Bihar bere jaioterrian kantatuko du. Elizondon jaio zen orain 25 urte. Bertso eskolatik pasatu gabe ondutako bertsolaria da.
Berezko zaletasuna
Txikitandik zuen afizioa eta egun batez, lagun arteko bertso saio baten buruan, jendeari mikrofonoa eskaintzen hasi zirelarik, kantatu omen zuen lehen bider. «Orain hiru urte izan zen hori, eta geroztik hemen nabil. Lau aldiz hartu dut parte Nafarroako txapelketan eta hau da finalean sartzen naizen hirugarren aldia. Iazkoan laugarren egin nuen», esan zuen baztandarrak.
Aurtengo sailkapenean bigarren geratzeak animorik eman dio, eta haren asmoa saio ona egitea da. «Ondo edo gaizki aritzea lotua egoten da postuarekin, eta horretara noa; saio ona egin eta aho gustu onarekin ateratzera», adierazi du.
Jon Barberenak irabaziak ditu Xalto eta Marian Izeta sariak, eta iaz Osinalde sariketan ikuslearen saria eskuratu zuen.
Prestaketa Mugaireko taldean egin du, astean bitan bertako bertsolariekin elkartuta. «Bittor, Jon Elizetxe eta aurten lehen aldiz parte hartu duen Iñaki Aleman eta lauok bildu izan gara. Eta Lesakakoekin ere ibili naiz, hangoak hona etorriz edo gu hara joanez», jarraitu zuen.
Irakasle ikasketak egin zituen. Doneztebeko eskolan egiten du lan DBHko ikasleekin.
Joxe Juan Zubieta «Etxabe»k hogeita hamar urte ditu, bosgarren finala du aurten eta iaz egin zuen posturik onena, laugarren. Lesakarra da eta oso berandu hasi zen bertsotan, 24 urterekin. «Etxabe»k txapelketan parte hartzen hasi eta bigarren ahaleginean lortu zuen finalean sartzea.
«Euskal Herriko txapelketarako egin nuen prestakuntza on samarra. Gauzak ez ziren oso ongi atera, baina prestatuta joan ginen eta Nafarroakoa prestatzeko ez dut asti gehiegirik izan, lanak ere ordu asko kentzen baitizkit. Segitzen dut Oiartzunera bueltaka, eta Lesakan ere biltzen gara astero. Astean bitan bilduz gabiltza, beraz, baina txapelketa nagu- sirako egin genuen ahaleginik handiena», esan zuen.
Juan Mari Lopez eta biak joaten dira Lesakatik Oiartzunera eta han Arkaiz Goikoetxea, Joanito Mitxelena, Ander Lizarralde eta Jon Martinekin elkartzen dira. «Astean bitan egiten dugu taldean bertsotan. Udan plaza bat edo beste ateratzen da. Herri festak izaten dira hemen nonahi eta noiznahi. Baina ez dira plaza asko izaten», esan zuen.
Kamioi batekin garraioan egiten du lana eta fisikoki hain gogorra ez bada ere, ordu asko eskatzen dituen ofizioa dela aitortu zuen. Gustura kantatu eta bertsotan ongi egitera doa Elizondora.
Bi neska finalean
Hirugarren finala du Julen Zelaietak, aurtengo sailkapenean bosgarren sailkatu denak. Hirugarren geratu zen iaz, baina itxaropen handirik gabe doa Elizondora. «Silveira da faboritoa, baina gu estutzera joango gara», esan zuen. Beratarra da, Bortzirietako bertso eskolan hasi zen kantuan, 25 urte ditu, eta umoreko gaietan nabarmentzen da. Plaza batzuk egiten dituen bertsolaria da. Barberena eta Estitxu ikusten ditu Silveirari itzal egiteko moduan. Parket enpresa batean egin du lan. Jendearengana erraz iristen den bertsolaria da Julen, eta umoreko gaietan oso ondo moldatzen da.
Erika Lagoma lesakarra da, 24 urte ditu eta bere lehen finala du aurten. «Ez dut uste bi neska finalera sartzen diren lehen urtea denik, Amaia Teletxea ere egona baita Estitxurekin batean finalean, eta beharbada Estitxu Fernandez ere bai», esan zuen. Lau urtez Salamancan egon zen Filologia Hispanikoa ikasten eta urtebete egin zuen Gasteizen EHUn Euskal Filologia ikasten. Bost asignatura falta zaizkio bigarren lizentzia hori ateratzeko. Egun osoz Elkartearen kontratuarekin ari da lanean Iruñerrian. «Hizkuntza arautuan 21 gela ditut eta hiru bertso eskola, bi Iruñean eta bat Beran. Gela asko dira, baina pozik nabil lanean», esan zuen. Orain neurri motzetan gustura kantatzen omen du, «baina hori boladaka izaten da», adierazi zuen. Xalto sarian bigarren geratu zen iaz. «Juliorekin badut norgehiagoka moduko bat; Xalton hark irabazi zuen eta ni bigarren geratu nintzen, eta biok sartu gara lehen aldiz finalean», esan zuen.
Iñigo Olaetxeak seigarren finala du aurten. 31 urte ditu. Hiru urteko etena egin zuen orain urte batzuk eta jarrera lasaiagoarekin itzuli omen da, edo eskeptikoago. «Prestaketa? hitz potoloegia da hori. Astean behin biltzen gara Lesakan. Lehen finalean sartzeko grina eta beharra sentitzen nituen. Aurten disfrutatzera joan nahi dut. Ez dut gehiegi konplikatu nahi. Bakarkako gaia gustatzen bazait, luzexeagoan arituko naiz, baina nire almazena ez dago beteegia», esan du. MRWn paketeak banatzen egiten du lan.
Julio Soto da finalista gazteena, eta aurten estreinatzen du finala. «Estitxu Arozena, Oier Lakuntza eta beste hiruzpalau gazte biltzen gara Iruñean eta etxean ere denbora pixka bat eskaini diot txapelketari», esan zuen. Asteburuak Gorritin pasatzen ditu eta han tabernako bertsolariekin aritzen da. 18 urte ditu, bere kabuz hasitako bertsolaria da, eta orain hiruzpalau urte hasi zen bertso-eskolan. Plaza dezente egiten ditu. «Azken hilabeteotan ia-ia astebururo», esan du. Aurten hasi da nekazaritza ingeniaritza ikasten. -
Joxean AGIRRE
DONOSTIA