Emakumeen diskriminazioari aurre egiteko estrategiak, aztergai Bilbon
BILBO
Gaur egun emakumeek lanean ez dituztelako aukera berak izaten, hezkuntza eta ikasketa sindikalez arduratzen den Ipar Hegoa Fundazioak eta LABek «Lanean aukera berdintasunerako estrategiak» izeneko jardunaldia antolatu dute datorren apirilaren 6rako Bilboko Euskalduna Jauregian. Izan ere, nahiz eta berdintasun eskubidearen aldeko legeak eta adierazpenak egiten diren, «oraindik ere lana lortzeko garaian eta lan baldintza eta babes sozialean» diskriminazioa dagoela nabarmendu zuten atzo Bilbon.
Jardunaldiaren helburua
Ekitaldiaren antolatzaileek esandakoaren arabera, jardunaldiaren helburua «emakumeak lan munduan bizi duen diskriminazio egoera eta egoera hori kontuan hartuko duen estrategia sindikala sortzeko beharra aztertzea» da. Horrekin guztiarekin batera, negoziazio kolektiboa estrategia sindikalerako tresna garrantzitsuena den heinean, Ipar Hegoak argitu du atal horri tarte zabala eskainiko zaiola. Era berean, jardunaldian LAB sindikatuaren Aukera Berdintasun Planaren garapen emaitzak ezagutzera emango dituzte, baita zenbait enpresatan berdintasunaren gaiaren inguruko interbentzio sindikal bidez konpondutako esperientziak ere. Jardunaldia 9.30ean hasiko da, eta 17.15ean bukatu. Ordu horietan guztietan ponentzia nagusia «Elkarrizketa soziala, negoziazio kolektiboa eta generoa» izango da, Lan-Zuzenbideko Teresa Perez del Rio katedradunaren eskutik. Perez del Rio Cadizko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatekoa da. Bukatzeko, eta arestian esan bezala, LABen berdintasun plana azalduko dute, eta esperientzia pilotuen atalean, berriz, APAmortiguadores, Donostiako Udala eta Rinder Industrial izango dituzte hizpide.
|