Udaberrian sartu izan arren, negu hotzean pobreziari lotuta gertaturiko berri txarrak oraindik ere gizarte arloan lan egiten duten Ipar EuskalHerriko elkarteen gogoan daude. Aurreko urteetan bezalaxe, Hotz Handiko Planaren bidez, hiru hilabetez, baliabide gutxirekin areagotzen doan prekaritate handienari aurre egin behar izan diote.2002an finkatu zuten negurako Hotz Handiko Plana Baionan, Angelun eta Biarritzen. Etxe gabekoei neguko hilabete hotzenetan aterpea eskaintzea zen planaren xedea. Aurten, planak III. aldia betetzen zuelarik, proiektuaz arduratzen diren elkarteek, hots Point Accueil Jour, Atherbea, Emmaus, Secours Catholique, La Table du Soir eta Gurutze Gorriak, egitasmo horrek beharrari erantzuten ez diola nabarmendu zuten.
Estatu frantsesak ematen dizkien baliabide eskasetatik at, etengabe hedatzen doan prekaritatea agerian jarri nahi izan dute elkarteek. Eta, egoera larria dela salatzeko, lehen aldiko, elkarretaratzea egin zuten Baionan. Pobrezia emendatu izanak gizarte arloan lanean ari diren egitura horien kezka piztu du. 2002. urtean Secours Catholique-k (Caritas) kaleratu datuetan, pobrezia %20 emendatu dela aipatzen zen. Gaur egun pobrezia hori egonkortu egin dela esaten dute, eta Ipar Euskal Herrian dauden aterpetze egiturak dagoen behar handiari erantzuteko ahalik gabe geratu dira. Arazo horri, gainera, heldu zaien pertsonen hauskortasun psikologikoa gehitu behar zaio.
Prefetarekin bilduak
Baionan egindako elkarretaratzearen ondotik, Departamenduko Prefetarekin bildu ziren atzo, hari arazo horien guztien berri emateko. Bertan, mila bat lagunek izenpeturiko gutuna helarazteaz gain, egunero egiten duten lanaren berri eman zioten. Atherbea elkarteko arduradunak honako hau adierazi zuen: «Oren bat eta erdiko bilera izan dugu, eta gure eskaera guztiak mahai gainean jarri ditugu».
Diru-laguntza emendatu beharrarekin batera, hiru hotel sozial sortzeko eskatu zuten. Horietariko bi Bokale eta Hendaia artean jartzeko, eta, azkena, barnealdean.
«Bakoitzak hamabost lagun jasotzeko ahala izatea galdetu dugu», argitu zuen. Bilkura burutu bezain laster, prefetak maiatz erditsutan elkarte eta lekuko hautetsien artean gogoetarako bilkura bat antolatuko duela hitz eman zien. «Bilkura baliatuko dugu ondoko Hotz Handiko Plana lantzeko», adierazi zuen. Pobrezia aipagai den une honetan, egoeraren adibide gisa, GARAk Secours Catholique elkartearekin arazoa aipatzeko aukera izan du. Bere 450 boluntarioekin neguko Hotz Handiko Plan horretan diharduen elkarte nagusia da.
Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetan, 2005. urtean 5.000 familia lagundu ditu. «Kopuru zehatza ukateko 5.000 zenbaki hori hiru aldiz biderkatu behar da. Hor ikusten da zer heinetara iritsi den arazoa», esan zuen Secours Catholiqueko arduradun Germaine Bourdais-ek.
30 eta 50 urteko herritarrak dira gehienak, eta askotan emazteak dira. Boluntario kopuru handia izaki ere, Secours Catholiquek, beste elkarte guztiek bezala, ezin dio gehiago beharrari erantzun. «Gaur egun ezin dugu pertsona gehiago lagundu. Ahal guztiak beteak baititugu. Gure xedea ondoko hilabeteetan laguntzaile kopurua handitzea da», gehitu zuen.
Bourdais-ek urteak daramatza Secours Catholique elkartean lan egiten, eta bere adierazpenen arabera, pobreziak bilakaera handia izan du.
Lan kontratu prekarioa, etxebizitzaren prezioa emendatzea eta gizarte elkartasun eza izan dira aldaketa hori eragin duten ardatz nagusiak. Sasoiko lan kontratuek eta guztiz prekarioak diren lanpostuek larri zeuden familia askoren bazterketa areagotu dute, eta gizartetik guztiz baztertuta dagoen biztanleria bat sortu du.
Gizarte mota aipagai
«Heldu zaizkigun lagun asko bazterketa handian bizi dira; horrek ahulezia handia dakar, eta arazo psikologikoak sortzen ditu. Gizarteak biztanleria hauskor bat sortu du, baina ez da gai herritar horiek hartzeko. Bazterketa handitzen doa urtez urte, eta herritar horiek gero eta egoera larriagoan bizi dira», nabarmendu zuen Bourdais-ek.
Alde horretatik, gero eta gehiagotan etxe gabe bizi diren herritarrekin topo egiten dute. «Askok uste izaten dute etxerik ez duten jendeak atzerritarrak direla. Baina ez da hala, kanpotik datozenak oso gutxi dira, %4 bakarrik. Urte askoan baztertuak bizi diren herritarrak prekaritate handiagora bultzatuak dira. Eta, urteak igaro ahala, bizi-baldintza txarragora eramaten ditu. Biztanleria hori oso apurtuta dago, eta ez dakigu gehiago nola egin laguntzeko», argitu zuen.
Secours Catholique elkartearen ustez, nahitaezkoa da pertsona horiek laguntzeko benetako proiektu komun eta eraginkor bat martxan jartzea. «Gure lana gizarteratzea laguntzea da», gehitu zuen.
Bourdais-ek adierazi zuenaren arabera, gaur egun sortzen den arazo nagusi horrekin zer gizarte mota nahi den garatu galdera nagusiari erantzun behar zaio. «Bi hautu daude: guztiekin aurrera egin, edo batzuen bazterketa onartu. Gaur egun bezala bazterketa aukeratzen bada, arazoa larritzen joanen da, egoera horretan bizi diren herritarrak gero eta gehiago baitira», burutu zuen esaten. Maiatzeko bilkura baliatuko dute gogoeta horiek mahai gainean jartzeko. -
BAIONA