Taylor presidente ohia Hagan epaitu dezakete
Herbehereetako Gobernuak onartu du Sierra Leonako Epaitegi Berezia Haga hirira eramatea, Charles Taylor Liberiako presidente ohia epaitu ahal izateko. Edonola ere, hilabete asko pasako dira hori gertatzerako, aipatutako epaitegiko fiskalen buruak kazetariei jakinarazi dienez.
FREETOWN
David Crane Sierra Leonako Epaitegi Bereziko fiskal ohiak orain bi urte «ziega bat daukagu Taylorren zain» esan zuenean, inork ez zuen uste esaldia beteko zenik. Baina bazter guztiak beldurtuta eduki zituen agintariak dagoeneko gau bat pasa du espetxean, eta badirudi beste asko pasa beharko dituela. 1991tik 2002ra bitartean Sierra Leonan izan zen gerra zibilaren garaian egindako krimenengatik epaitu behar dituzten hamabi lagunetako garrantzitsuena da hura.Freetown Sierra Leonako hiriburuan daukate Taylor, mendebaldeko auzo batean, NBE Nazio Batuen Erakundeak babesten duen Epaitegi Bereziko instalazioetan. «Oso egun garrantzitsua da nazioarteko justiziarentzat eta Sierra Leonako biztanleentzat», esan zuen asteazken gauean Desmond de Silva fiskalen buruak. Baina herritarrak ez dira iritzi berekoak. Irratietara eta telebista kateetara hots egin zutenek, behintzat, beldurra agertu zuten, batez ere herrialdean zeuden NBEko kasko urdin gehienek alde egin dutelako. «Gehiegi sufritu dugu, pertsona gehiegi hil da eta erbestean bizitzeaz nekatuta gaude. Mesedez, eraman ezazue Taylor jauna beste norabait, epaitzeko», idatzi zuen egunkari batean James Blyden adituak. Argudio horiek bidezkoak dira A. Raja N. Fernando Epaitegi Bereziko epailearentzat. Horregatik asteazkenean bertan eskaria egin zion Herbehereetako Gobernuari, Taylor bertan epaitu ahal izateko egin beharrekoak egin ditzan. Da Silva fiskalak jakinarazi du hilabete asko pasako direla epaiketa hasi aurretik, baina asteburu honetan bertan epaile baten aurrera eramango dutela.
|