- Heineken Kopa
Lievremont: «Aurkariari errespetu handia diogu»
HENDAIA
Biarritzeko jokalari eta entrenatzaileek atzo egin zuten prentsa agerraldia, eta bertan izan ziren entrenatzaileak eta jokalari batzuk. Guztiak ere itxaropentsu agertu ziren igandean Donostian jokatuko duten partidarako.Patricre Laguisquet entrenatzailearen esanetan, Biarritzek berea ematen baldin badu, aurrera egin behar omen du: «Garbi dago Biarritzek dakiena ongi egiten baldin badu Europako talderik onenetakoa dela, baina horrelako partidetan tentuz ibili behar da, edozein hutsegite nahikoa baita partida galtzeko. Sale talde handia da, eta ez zaie euren jokoa egiten utzi behar. Guk dakiguna egiten badugu, aurrera egin behar dugu», esan zuen entrenatzaileak. Laguisqueten esanetan, egin duten duten prestakuntza egin eta gero, partida honetarako jokalariek puntu-puntuan egon beharko omen lukete: «Azkenaldi honetan sasoian gaude. Europako Txapelketako azkeneko partida jokatu genuenean, oso une onean geunden, baina ordutik lanean jarraitu dugu, eta uste dut partida honetara ongi iritsi garela. Arazoa selekzioen partidak izan dira. Jokalari asko izan ditugu taldetik kanpo, eta horren aurretik Ligako beste partida bat gehiago izan bagenu ere eskertuko genukeeen, baina Saleren egoera ere berdintsua da, eta alde horretatik bi taldeak izango gara egoera berean», esan zuen. Lievremont, taldeko kapitaina, itxaropentsu agertu zen atzoko agerraldian, baina gehiegizko konfiantzarik gabe jokatu behar dela ohartarazi zuen: «Aurkariari ez zaio beldurrik izan behar, baina bai errespetua. Ez da ahaztu behar Sale Ingalaterrako Ligan lehen postuan doala, eta hori zerbaitegatik da», adierazi zuen zuri-gorrien kapitainak. Orain dela bi urte ere Europako Kopan elkarren aurka neurtu ziren bi talde horiek, eta orduan Biarritzek aurrera egin zuen, baina Lievremonten esanetan, orduko partidak honekin ez omen dauka zer ikusirik. «Sale azken urte hauetan asko aldatu da. Bi urtetan taldea asko hazi da, eta une honetan ekipo oso ona dauka. Orain dela bi urte ere teknikoki oso onak ziren, baina akaso jokaldiak egiterako garaian indarra falta zitzaien, baina hori ere konpondu dute. Hala ere, haiek ere badituzte ahuldadeak, eta guk horiek topatzen saiatu behar dugu. Guk, berriz, oso talde sendoa izan behar dugu. Horrela bakarrik irabaziko dugu igandeko norgehiagoka», esan zuen kapitainak. Dimitri Yachviliren ustez, berriz, igandekoa festa handia izango omen da: «Iaz Munsteren aurka jokatu genuen neurketa oraindik telebistaz ikusten dudanean, oilo ipurdia jartzen zait, sekulako giroa izan baitzen. Hango festa, euskal kantak, euskal musika... euskaldunen festa izan zen, eta ni seguru nago etzi ere horrela izango dela. Jendeak ez dezala pentsa guk kanpoan jokatuko dugunik, Anoeta ere gure etxea baita», adierazi zuen. Bestetik, Biarritzek atzo eman zituen ezagutzera deialdian sartu dituen jokalarien izenak. Hauek dira deitutakoak: Balan, Noirot, August,Lecouls, Jhonston, Thion, Couzinet, Olibeau, Betsen,Harinordoki, Lievremont, Malonga, Dusatoir, Dupuy, Yachvili, Peyrelongue, Bobo, Traille, Bidabe, Aranburu, Gobelet, Brusque, Lison eta Dambielle.
|