Euskal Herrian dira berriro ere Aizpuru, Mujika eta Oa
Etxean daude, Euskal Herrian, Eneko Aizpuru, Oier Oa eta Garikoitz Mujika euskal gazteak; izan ere, joan den urtean, agintari frantsesek atxilotu, Estatu espainolera entregatu eta Segiko kide izateaz akusatuta espetxeratu zituzten. Espero ez zuten arren, pozik eta lasai agertu ziren aske utzi ostean etxerako bueltan, GARAri egin adierazpenetan.
DONOSTIA Hiru
gazteak Segi gazte erakundeko kide izateaz akusatuta atxilotu zituzten poliziakide frantsesek; gero, euroagindua medio, agintari espainolei entregatu zizkieten, eta azkenik, espetxe espainoletan kartzelatu zituzten. Gazteak Euskal Herrian dira berriro ere, atzo, 20.00etan Aranjuezko eta Valdemoroko espetxeak utzi baitzituzten. Bakoitzak 10.000 euroko berme ekonomikoari aurre egin behar izan dio aske gelditzeko, eta neurri juridikoak ezarri dizkiete. Araitz Zubimendi hernaniar gazteak, aldiz, oraindik espetxean jarraitzen du bi urteko espetxe zigor bati aurre egiten. Zubimendi askatutako hiru gazteen auzi berean zen, eta hari ere euroagindua aplikatu zioten. Eneko Aizpuru eta Oier Oa Donostiako Gros auzoko bizilagunak eta Garikoitz Mujika lazkaotar gaztea joan den urtean atxilotu zituen Polizia frantsesak, eta honek Auzitegi Nazional espainoleko agindua bete zuen. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek «Jarrai-Haika-Segi» deituriko auzian eman zituen haien aurkako atxilotze aginduak, eta gazte erakundeko kide izateaz akusatu zituen. Eneko Aizpuru Aranjuezko espetxetik atera zen 20.00etan, kasik bederatzi hilabete bertan espetxeratua igaro eta gero. Oier Oa donostiar gazteak ere Aranjuezko kartzelan igaro ditu azken hilabeteak. Irailaren 16an Uztaritzen atxilotu ostean, agintari espainolei entregatu zieten eta azaroaren 17an Soto del Realen espetxeratu zuten. Garikoitz Mujika lazkaotarra abuztuaren 3an atxilotu zuten Senperen, eta aste gutxiren buruan entregatu zieten agintari espainolei. Jarraian kartzelatu egin zuten. Senide eta lagunen babesarekin aurkitu ziren atzo ere hiru gazteak espetxe atarian. Poztasunaren erdian, GARArekin hitz egiteko parada izan zuten hirurek aske utzi izatearen eta beren sentsazioen gainean. Eneko Aizpuru donostiar gazteak honakoa esan zuen: «Egia esan, ez genuen espero, orain arteko egoera ikusita. Horren azkar ez genuen espero kalean egotea. Gutxienez, Gorenak Auzitegi Nazionalaren sententziaz zer edo zer esan arte egongo ginela uste genuen». Joan den asteazkenean ETAk iragarritako etenaldiaren, bai eta Euskal Herrian prozesu demokratiko bat abiatzeko dauden aukeren gainean galdetuta, «itxaropenarekin, baina amets handiegirik egin gabe» ikusten duela egoera esan zuen Aizpuruk. «Orain ondo doala dirudi ezker abertzaleak borondate handia erakutsi duelako, baina errepresioak hor dirau eta nik uste oraindik tentuz ibili behar dela. Dena dago egiteko, eta lanean jarraitu beharra dago». Ildo berean mintzatu zen Garikoitz Mujika lazkaotarra, eta espetxetik atera berritan «oso lasai» zegoela esan zuen. «Aukera handia da oraingoa; garbi dago aldaketa politikoa datorrela baina, ezbairik gabe, borroka prozesu batean gaude. Antolatu eta borrokatzen segitu beharra dago». Euskal gazteriaren aurkako erasoek jarraitu arren, betiko legez, horrek lanean segitzen duela ikusteak pozten duela ere adierazi zion egunkari honi.
|