Departamenduaz galdetzeko sinadurak bilduko ditu Batera-k
Datorren apirilaren 8an abiatuko du Batera-k euskal departamenduaren sorreraz Kontseilu Nagusiak herri-galdeketa egin dezala eskatzeko sinadura bilketa. Horretarako, urrirako beranduenez, 46.000 lortu beharko ditu eta aldeko agertu diren elkarte eta auzapezen sostengua izatea espero du plataformak.
EZPELETA
Bi urteko isiltasunaren ostean, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bilduko lituzkeen departamendua sortzeko, orduan aurrez ikusitako ekimena laster batean jarriko duela abian adierazi zuen atzo Batera plataformak Ezpeletan. Estatu frantseseko Konstituzioaren 72-1 artikuluari eta Lurralde Erakundeen Kode Orokorraren 1112-16ri atxikita, Paueko Kontseilu Nagusiari departamendu bat sortzeko herri-galdeketa egin dezala eskatzea da asmoa. Horretarako, 46.000 sinadura bildu beharko dituzte, hots, Pirinio Atlantikoetako departamenduko biztanleen %10 gutxi gorabehera. Epeari dagokionez, berriz, sinadura bilketak urrirako amaitua izan behar du, legeak ez baitu baimentzen hurrengo hauteskunde eguna baino sei hilabete lehenago eduki politikoa duen kanpainarik egitea. Antolatzaileek nabarmendu zuten kanpaina ez dela inondik inora departamenduaren sorrera bultzatzeko egingo, herri-kontsulta antola dezatela eskatzeko baizik. Legeak betebehar zehatzak agintzen dituenez, bilketa «formaltasunez, gardentasunez eta ordena handiz» egingo dela adierazi zuen Andde Darraidou Hautetsien Biltzarreko lehendakariak.
150.000 txartel
Sinadura emateko aukerak biderkatze aldera, 150.000 txartel banatuko dituzte, eta www.batera.info webgunean jarraibideak azalduko dira. Horrez gain, herriko etxeen partaidetza izatea aurrez ikusi du Batera-k. «Auzapezen bi herenak ekimenaren alde agertu ziren iazko urrian», gogorarazi zuen Sauveur Bacho AEDko elkarteko kideak. Txartelak bertan jasotzeko edo bideratzeko aukera emango dute herriko etxeok, eta, ekain aldera, sinadurak biltzeko egun berezia antolatuko dute udaletxeetan. Ahalik eta sinadura gehiena biltzeko, pertsonei eta plataforma sostengatzen duten 120 elkarte eta taldeei hainbaten ordezkarik agerraldian parte hartu zuten «eragile bilakatzea» eskatuko diete. Bilketa-rako ahalegin handiena Ipar Euskal Herrian egingo duten arren, Biarnon ere sinadurak biltzen saiatuko direla adierazi zuen Panpi Dirassar Batera-ren koordinatzaileak. Kanpainaren nondik norakoak aurkezteko, larunbatean, apirilak 8, batzarra egingo du Batera-k Ezpeletan bertan.
|