GASTEIZ
«Euskaltzain izateko proposamena egin zidatenean halako memoria bat eman zidaten, eta idazki horren aurreneko lerroak zera dio: ‘euskal arloan diren egiteko ugari eta premiazkoen aurrean Euskaltzaindiari dagozkionak ez dira gutxi’. Modu leunean esanda, geroak ekarriko zidanaren seinale...», hasi zen atzo Bernardo Atxaga hizketan, euskaltzan oso izendatu eta berehala. Gasteizko egoitza berrian egin zuen Euskaltzaindiak Juan Mari Lekuona ordezkatzeko hautagaiaren bozketa. Sorpresarik ez zen egon, Atxaga zen hautagai bakarra, eta osoko bilkurak onartu ondoren, asteasuarra akademiako kide berria izango da gaurtik aurrera.
Poz handiz hartu du izendapena: «Ez bainator filologia edo hizkuntzalaritza arlotik, kide gehienak bezala. Nire ikasketak Filosofia eta Ekonomia izan ziren, eta idazle lanetan ibili naiz. Uste dut literaturaren ordezkari bat egotea ona dela Euskaltzaindiarentzat», adierazi zuen.
Batetik, idazle bat Akademian sartzeak, eta bestetik, beste kide asko baino gazteagoa izateak Euskaltzaindiara aldaketa, edo, gutxienez, haize freskoa ekarriko duela dirudi.
Ibon Sarasola, ordea, ez dator hausnarketa horrekin bat. «Nik ez dut garai berririk ikusten inondik inora. Euskaltzaindiak benetako aldaketa egingo luke puntako hiruzpalau edo sei idazle sartuko balitu. Bat nator erabat Atxagaren izendapenarekin, baina oraingoz bakarra da, eta, hortaz, aldaketarik ez du ekarriko».
Aingeru Epaltzak, idazlea den neurrian, Atxaga Euskaltzaindian sartu izana aurrerapauso handia dela uste du. «Gauza pozgarria da, inor gutxietsi gabe, uste dut bazela garaia. Euskaltzaindia filologoen kabi bilakatu da, eta hori ez da normala. Hizkuntzaren zaintza horretan bestelako estadio batera pasa behar dugula uste dut, eta bertan hizkuntzaren erabiltzaile nagusiek izan beharko lukete kargua», esan du.
Orain arte filologoen kabia
Euskararen garapenean literaturak duen pisuaz Atxagak eta Epaltzak egiten dituzten erreflexioak bat datoz. Idazle nafarrak honakoa azaldu du: «Euskara hainbat arlotan sartu da, administrazioan, irakaskuntzan... eta literatura da neurri handi batean gure hizkuntza gehien garatu duen arloa. Atxagak ateak irekiko dizkio Euskaltzaindiari, eta, nire ustez, hainbatetan ikusten dudan komunikazio arazoa ekidingo du; izan ere, literaturaren bitartez euskararen erabilpena eta Euskaltzaindiaren erabakiak gizarteratzea errazagoa izango da».Epaltzak onartzen du askotan, itzultzaile lanetan diharduela, zalantzak sortu eta erabakiak hartu beharrean dela. «Batzuetan gertatzen da gainontzeko idazle edo itzultzaileekin dagoeneko adostutakoaz Euskaltzaindiak bestelakorik erabakitzen duela, eta orduan sortzen dira arazoak eta kontraesanak. Lan handia egiten dute, baina inpresioa daukat fenomeno hori izaten dela, komunikazio arazoarena, alegia, bai erabakiak gizarteratzeko orduan, eta bai erabiltzaileak erabaki horiek barneratzeko orduan. Horregatik, literatura eta idazle gehiago egonda, Akademiak muga horiek gailen ditzake».
Atxagak atzoko prentsaurrekoan zera adierazi zuen: «Literatura subjetibitate guztien depositoa da. Kazetari batek euskara erregistro batean erabil dezake, baina nobela batean XIX. mendeko apezpiku baten erregistroa ere menperatu behar da. Alde horretatik, hizkuntza probatzen dugu idazleok, autoak eta hegazkinak probatzen diren bezala. Zentzu horretan nire esperientziak eta beste idazleenak ezagutzeak lagunduko dutela pentsatzen dut».
Atxagak Euskaltzaindiarekiko joera kritikoa duela ere onartu zuen. «Horrelako joerarik ez balego ezin aurrera egin. Kritikoa izatea hizkuntzarekiko arduratuta zauden seinale da, eta ardura hori Euskaltzaindira eramango dut. Erabaki berri honek etxekotu egin nau. Izan ere, Euskal Herrian ez naiz paradisu txiki batean bizi izan, gorabehera handiak izan ditut tarteka, batzuetan etxetik kanpo sentitu naiz, baita alde egiteko gogoz ere».
Bere agerraldiari amaiera emateko, Atxagak ETAren su-etenari buruz honako hausnarketa egin zuen: «Aurrera ateratzen baldin bada eta dena bere bidetik badoa, hizkuntzarentzat ere mesedegarria izango da. Orain arteko egoerak euskal gizartea izugarri ahultzen zuela uste dut, eta, ondorioz, hizkuntza bera. Aldi berri hau onuragarria izango da. Alde horretatik ere zortea dut, erakundean orain sartzen naizelako, eta ez orain dela berrogei urte».