DONOSTIA
Mende bat geroago berriro ere harri-zulatzaileen apustua izango da ikusgai. Trapagaran eta Jaizubia izango dira aurrez aurre bihar 12.00etatik aurrera Azpeitiko zezen-plazan.Talde bakoitzak hiru kirolari izango ditu lanean, eta ordubete izango dute zuloak egiten aritzeko. Ordu erdia betetzen denean, taldeek elkarren artean harria aldatu egingo dute. Ordubetean zulorik gehien egiten duen taldeak eramango du apustu honetako garaipena. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen ditu dirutan.
Lander, Sanjose eta Garcia izango dira Trapagaran taldeko ordezkariak, eta Isuskiza, Andueza eta Berrirdi arituko dira Jaizubia Hondarribiko taldea ordezkatuz.
Trapagaran da taldeka Euskal Herriko Ligako txapelduna. Bakarkako EuskalHerriko txapelduna, aldiz, Ariz Isuskiza, Jaizubia taldekoa da. Beraz, gauzak nahiko orekatuak egon daitezke. Hori bai, bizkaitarrek eskarmentu handiagoa dute, kirol hau berreskuratu zenetik plazetan dabiltzalako, eta Jaizubiak, aldiz, bi urte besterik ez ditu.
Hala ere, lana ezberdina izango da. Taldekako saioak ordu erdikoak izaten dira, eta bihar ordubete izango da. Hor ikusi beharko da taldeek zer nolako iraupena duten. Gipuzkoarrak ez ditu horrek kezkatzen, baina bai bizkaitarrak.
Gero, eskuen kontua ere izango da. Pilotariek erabiltzen dituzten takoak jartzen dituzte eskuetan, baina horrenbeste denbora barrenarekin eskuak izorratzeko arriskua ere egoten da, eta horrek ere eragina izan dezake.
Dena dela, garrantzitsuena da ia 100 urte desagertuta dagoen kirol hau indarra hartzen ari dela berriro. Bizkaian, esaterako, 100 lizentzia inguru dituzte, eta hori gauza handia da.