- Berezkoen Binakako finala
Muskarditz-Etxeto dira txapela lortzeko faboritoak
·Idiart eta Ezkurra II.ak izango dituzten aukerak aprobetxatu nahi dituzte
DONOSTIA
18.00etatik aurrera jokatuko da gaur Angelun, Haitzpean trinkete berrian, Binakako Txapelketako finala. Idiart-Ezkurra II.a eta Muskarditz-Etxeto izango dira aurrez aurre.Ikusmin handia piztu du finalak, eta Angeluko trinketeko harmailak gainezka izango dira gaur arratsaldeko finalean. Faboritoak Muskarditz eta Etxeto izango dira. Dirua, behintzat, alde izango dute. Haiek ziren faboritoak lehiaketa hasi aurretik ere, eta eraman duten torneoa ikusita, ez dago dudarik hala direla. Bederatzi kintzetan utzi zituzten Aranburu eta Maite final-laurdenetan, eta 16 besterik ez zituzten egin Sorhuetek eta Biscoubyk finalerdietan. Horrek argi eta garbi uzten du zer nolako jokoarekin datozen, bi partidetan aurka izan dituzten kintzeak batuta 25 besterik ez baitituzte jaso. Zaleek, ordea, nolabaiteko kezka agertzen dute Etxetorekin. Inork ez dauka zalantzarik haren jokoarekin, atzelaririk onenetakoa baita, eta hori baieztatzeko bere jokokoa ikusi besterik ez dago. Baina bere arazoa nerbioak izaten dira. Horrelako partidetan, askotan ez du berea ematen. Aurten Superprestigioa irabazi egin zuen, eta bazirudien hori gaindituta zuela, eta Bakarkakoa irabazteko hautagai nagusi bilakatu zen, baina kale egin zuen. Hala ere, faborito aterako dira. Aurrez aurre, ordea, Idiart eta Ezkurra II.a izango dituzte, eta tentuz ibili beharko dute. Gaur finalean aurrean izango dituzten pilotariek baino lan gehiago egin behar izan dute finalean sartzeko, baina bi pilotariak freskotasun handiarekin daude, eta txapela janzteko itxaropen osoa dute. Ezkurra II.ak Bakarkakoa irabazi berri du, baina horrek ez du lasaitu, lanean berdin jarraitu du, eta orain dela hilabete zuen maila berarekin jarraitzen du. Idiart ere primeran ari da jokatzen. Buruz Burukoan ere lan bikaina egin zuen, eta Binakakoan hori baieztatu besterik ez du egin. Kolpe handiko pilotaria da, kintzea erraz egiten duen horietakoa, eta atzean Ezkurra bezalako laguna izanda, lasaitasun handia ematen du. Biko bakoitzak badaki zer egin behar duen. Muskarditzek eta Etxetok partida aitzinetik hasi nahi dute, eta Muskarditzen sakea aprobetxatu. Idiartek eta Ezkurrak ere, markagailuan aurretik hasi nahi dute, hor egon baitaiteke gakoa. Etxeto buruz nahiko ahula da, eta markagailuan atzetik hasten bada, azkar etsitzen du; horixe da aprobetxatu nahi dutena Idiartek eta Ezkurrak.
|