Sonia Gonzalez - Idazlea
Denbora
Oraindik gogoratzen dut, duela hiruzpalau urte, afari baten ostean, aipatuko ez dudan «talde sozial» bateko batekin izandako elkarrizketa. Zelan aurpegiratu zidan denborarik ez geneukala zegoeneko, hau guztia iraunpen lasterketa dela esan nionean. Denbora erlatiboa bada ere, zalantzarik ere ez dago Euskal Herriak hainbat eta hainbat urte eman baditu borrokan, zenbait gehiago gatazkatik irten ahal izateko ematea ez dela larregi ematea, gero. Gizon horren ikuspuntu makal, begilabur eta funtsik bakoa ETAren su-etena besterik ez zen. Euskadi Ta Askatasunak bere komunikatua helarazi zigun egunean telebista guztiak jarri ziren martxan, eztabaidak, elkarrizketak eta programa enlatatuekin aspertzeraino. Ez dut esango erabaki horrek garrantzirik ez daukanik, argi eta garbi dago pauso inportante eta ausarta dela; hala ere, ez da lehenbizikoa, ezta azkena ere. Bide luzea gabiltza egiten eta denbora luzea behar izango dugu guztiz ibiltzeko, askapen nazional eta sozialean noizbait amaierarik balego, jakina. Konstatazio horretatik, beraz, pazientzia izan beharko dugu, aztoratu barik joan beharko gara, baina, edozelan, inpultso eta abiadura galdu gabe. Oztopoak izango dira tartean, bai kanpotik, bai Euskal Herritik bertatik. Euskal jendarteak, osotasunean, bere etorkizuna erabaki ahal izatea, zalantza gabe bezain erraza eman arren, ez da batere samur suertatuko. Ahaleginak egingo dira metodologiatik bertatik, geure herria bi, hiru edo milaka zatitan berriro ere banatzeko.Ahaleginak egingo dira, halaber, dena zenbait alderdi politikoren arteko sasi-konponketetan gelditzeko, herriari muzin eginda. Alde batetik, pena ematen didate 22an batzokietan topa egiten zuten agure eta atsoek, aldi berean euren alderdian bertan hainbat ileri tiraka zebiltzala jakin barik. Pazientzia izan beharko dugu, era beran, dauzkagun larrizko premia eta urgentzien aurrean. Lehengo asteburuan dena zen poztasuna Lea-Artibain, duela urtebete bahitu zituzten lau gazte berriro etxean zeudelako. «Egunean-egunean bat askatuko balute bederen...», bota zuen batek. Eta, horrela ere, urte luze bi baino gehiago emango genituzke denak etxean izan arte. Askok konponbide demokratikotik eta herriaren erabakitzeko eskubidetik aldendu nahian, presoen egoeran zentratu nahi izango dute prozesua, daukagun premia horretaz baliaturik. Lan egitea tokatzen zaigu orain, denoi. Abiatuta dagoena atzera botatzea ezinezko suerta dadin. Horretarako bai ez daukagula galtzeko denborarik. - sagarroiak@gmail.com
|