Ipar Euskal Herriko ikasleen egoera salatu du IAk
·Euskal Herrian eta euskaraz ikasteko eskubidea errespeta dezatela eskatzeko mobilizatuko dira
BAIONA
Azken hilabeteetan Ikasle Abertzaleak lantzen ari diren ardatzean, Euskal Herrian eta euskaraz ikasteko eskubidea jorratzeko hainbat ekimen aurkeztu zituzten, atzo, Baionako Bernat Etxepare lizeoan.Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko ikasleen «egoera zaila» nabarmendu zuten Jon Blanco eta Ihintza Aldana bozeramaileek. Izan ere, Baionako campuseko eskaintza murritzagatik ikasle asko atzerrira joatera behartuta daude, eta horrek kostua eta urruntasuna dakar. Ikasketak euskaraz jarraitu nahi dituenak, berriz, Donostiara, Gasteizera edo Bilbora jo behar du eta, batxilerra baldin badu ere, selektibitate azterketa egin behar du, ezinbestean.
Eskubide urratuak
Egoera hori «jasangaitza» dela deritzote, eta aldatzeko premia nabarmenduta, «urratuak dituzten eskubideak, hots, Euskal Herrian eta euskaraz ikastekoak», errespetatzeko exijitu zuten IAko ordezkariek. Xede horrekin aspaldi egiten ari diren sinadura bilketari amaiera emateko, larunbatean, apirilak 8, 12.30ean, elkarretaratzea egingo dute Baionako herriko etxearen aitzinean. Halaber, maiatzaren 6rako manifestazioa antolatu du IAk.
|