Hezkuntzan guraso eta irakasleen elkarlana sendotu beharra sumatzen da
«2015eko Ikastola» izenburupean egin dituzten jardunaldi pedagogikoen ondorioak aurkeztu zituen atzo Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak. Bertan, besteren artean, hezkuntza komunitatean guraso eta irakasleen elkarlana sendotu edota etorkinak euskaldundu behar direla nabarmendu dute. Horiek hala, ikastolen nortasunari uko egin gabe, «gizartearen aldaketetara egokitu» beharra dagoela uste dute jardunaldietan parte hartu dutenek.
GASTEIZ
Iragan asteazkenetik ostiralera bitartean, jardunaldi pedagogikoak antolatuak zituen Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak. Hiru egun horietan, 300 parte-hartzailetik gora ibili dira Gasteizko Villasuso jauregian. Bertan zenbait proposamen egin dituzte, eta hezkuntza komunitatean guraso eta irakasleen arteko elkarlana sendotu behar dela ikusi dute besteren artean. Hezkuntza etapetako helburuak eta oinarri metodologikoak berraztertzearen alde azaldu zen jardunaldietako arduradun Meltxor Artetxe. Lehen DBHn hasten ziren arazoak gero eta goizago aurkitzen dituztela eta hor ere gogoeta handia egiten ari direla adierazi zuen Artetxek. Alde horretatik, eskolek «dena konpondu beharraren presioa» sentitzen dutela gaineratu zuen. «Denok egokitu behar dugu nabarmendu zuen. Gurasoek ere bai, irakasleekin batera, hezkuntzan gero eta parte handiago izateko».
Etorkinak euskalduntzea
Sorreratik ikastolek izan duten xedeei, nortasun ezaugarriei, elkarlanari eta autonomiari «tinko» eutsi behar bazaie ere, «gizartearen aldaketetara egokitzearen» alde egin zuen. Era berean, eskola inklusiboaren oinarriak bultzatzea eta ikasle atzerritarrak eskolatzea bete beharreko erronken artean jarri zituen. «Etorkinak euskaldundu nahi ditugu, gero baliabideak ikusi behar badira ere», gaineratu zuen Artetxek. Etorkizunean sortzen diren erronka berriei erantzuteko behar den prestakuntza sarea eratzeari ere garrantzia eman diote jardunaldietan, eta horretarako ikastolen premiak ardatz hartu behar direla aipatu zuen. “2015eko Ikastola” izenburupean antolatutako jardunaldien bitartez, gizartean gertatzen ari diren aldaketei modu egokian erantzun diezaiekeen hezkuntza proposamen koherentea eraikitzeko lehen urratsa egin nahi izan dute. Adibide gisa, LOE legeak Hego Euskal Herrian aldaketak proposatu dituela eta Ipar Euskal Herriko lege esparruaren bilakaerak ere eragina duela esan zuen.
|