GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-04-01
Josu MARTINEZ
Durangaldea berriro txapeldun
Joan den urtean bezala, aurten ere Durangaldeko taldeak irabazi du Bertsolari Gazteen BBK Sariketa. Oraingoan, Ipar Uribeko taldearen aurka lortu du duela hamalau urtetik Bizkaiko eskualdeen araberako taldeka jokatzen den txapelketa, atzo Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Bizkaiera onenaren saria Miren Amurizak eraman zuen eta finalista gazteenarena, Jone Uriak.

Sei taldetan banatutako berrogei gaztek hartu dute parte aurten, Bertsolari Gazteen BBK Sariketan. Bizkaiko eskualdeetako taldeen artean jokatzen den txapelketa da Aurrezki Kutxak Bertsozale Elkartearekin eta Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatzen duena, eta hamalaugarren urtez, 15 eta 23 urte bitarteko hainbat bertsolari gazte lehiatu dira Bizkai osotik egindako saioetan.

Aurten ere Bilboalde, Arratia, Busturialde, Lea-Artibai, Ipar Uribe eta Durangaldeko taldeek hartu dute parte, eta atzo, azken bi horien artean erabaki zen edizio honetako irabazlea, Bilboko Bidebarrieta liburutegian antolatutako finalean. Hasiera batean, azken urteetan legez, larunbatean Kafe Antzokian izatea zen antolatzaileen asmoa, baina gaur Elizondon Nafarroako Txapelketa- ko finala dagoela eta, tokiz eta egunez aldatzea erabaki zuten.

SAIO TXUKUNA

Finalari helduta, aurreko saio guztietan bezala, bertsolariak bi mailatan banatuta egon ziren; hemezortzi urtetik beherakoak, alde batetik; eta hogeita hiru urte artekoak, bestetik.

Gazteenak hasi ziren; Durangaldeko taldetik Eñaut Uruburu, Xabier Irakulis eta Miren Amuriza, eta Ipar Uribetik Jone Uria, Peru Vidal eta Arrate Illaro aritu ziren kantuan.

Saioa bizi hasi zen, eta lehen bertso puntuagarritik maila ona eman zuten. Eñaut Uruburuk (H)URIA, URDURIA, ZURIA eta IRUDIA oinekin bertsoa osatu behar zuen, eta jarraian ofiziokide izango zuen Jone Uriari begira, zera bota zuen, biribil: «Hortxe ikus daiteke/ Jonetxo Uria,/ esango neuke dala/ neska urduria./ Hankak dardarka eta/ aurpegi zuria:/ Hori da galtzaileak/ dauen irudia».

Zortziko txikian Xabier Irakulisek eta Peru Vidalek kantatu ostean, Miren Amurizak eta Arrate Illarok bakarkako lana egin behar izan zuten kartzelatik. «Iazko Gazte Topagunean ligatu eta geroztik ez duzu mutilaz ezer jakin. Aurten berriro zoaz topagunera, eta bera ere han izango dela esan dizute» gaiari, hauxe kantatu zion Mirenek: «Ilargipean edozer gauza/ suertatu ohi denez gauez/ egun haretan nire aurrera/ dana etorri zan artez/ Lehenengo laztan, gero lorea/ mutil galanta zan legez/ Ez da jakiten datorkiguna;/ ezin leike jakin aurrez/ denbora aurrera joan da baina/ nire sentimenduak ez».

Bestalde, aipatzekoa da, Ipar Uribeko taldeak, bai gazteen mailan bai nagusien artean, doinu berriak ateratzen hartu zuen lana.

Hala, hogeita hiru urtera artekoen txanda heldu zen. Beñat Vidalek, Miren Loizagak eta Itxaso Paiak kantatu zuten Ipar Uriberen izenean; eta Jon Unanuek, Enea Pinillosek eta Ibai Guridik, berriz, Durangaldearenean.

«Hau ez da BECa, hau BBK da», hasi zuen Jon Unanuek agurra, eta norberak berea kantatu ostean, saio puntuagarriari ekin zioten.

Beñat Vidalek eta Jon Unanuek kantatu zuten lehenik, zortziko nagusian, pateran Europa aldera abiatutako bi mauritaniarren paperean.

Miren Loizagak eta Enea Pinillosek ahizpa biren larrutik kantatu ostean, bakarkako lana iritsi zen, eta hor Itxaso Paia eta Ibai Guridi izan ziren protagonista.

Puntuari erantzun eta bukaera emanda bertso bat osatu ostean, Ibai kartzelan zegoela gai hauxe jarri zioten Itxasori: «Zaharretxeko langilea zara, lan gogorra den arren, zu pozik joaten zara».

Mikel Urdangarinen doinu dotorean, bertso honekin bukatu zuen bere lana algortarrak: «Txikitan hona etortzen nintzen/ triste-triste, zurbil-zurbil/ Nire amama bertan zegoen/ bere gauzetan hain abil/ Baina alzeimerrak jota zegoen/ dena ahaztu ta gero hil/ eta bertara berriz nator ni/ (...)/ Amamagaz ez nuena lortu/ orain lortu nahian nabil».

Ibaik ere gai berari kantatu behar izan zion, eta honela abestu zuen lehen bertsoa: «Bertan han daude lagun batzuen/ aitita eta amama/ etxekoentzat bihurtu ziren/ egunen batean zama/ oso ona da nik beraiekin/ daramadan harremana/ balantza baten jarri ezkero/ burutu ohi dudan lana/ askoz gehiago da eurengandik/ beti jasotzen dudana».

Epaileek puntuak batu bitartean, bertsolariak puntuka aritu ziren, goiko harmailan begira zegoen Unamunoren estatua edo atzoko Bilboko “makro-botelloia” eta Sopelako “makro-orgia” hizpide hartuta.

Azkenean, emaitzak eskuan, Durangaldeko taldea nagusitu zen 408 punturekin; Ipar Uribek, berriz, 374 jaso zituen. Finalista gazteenaren saria Jone Uriak eraman zuen eta bizkaiera onenarena, ostera, Miren Amurizak. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Verificar las palabras con hechos reales
Euskal Herria
Bilbo espera hoy una marea de apoyos a una solución basada en la decisión y el acuerdo
Euskal Herria
Alliot-Marie sobre los presos:«Si hay voluntad real, se podrá hablar de todo»
Euskal Herria
«Que EPPK pase a ser tratado como agente político y activo»
Euskal Herria
«No nos consta que estes libre»
Euskal Herria
Prozesuari bultzada emateko baliatu nahi du Aberri Eguna Udalbiltzak
Mundua
Londres y Dublín trazan una hoja de ruta que sigue dejando el freno en manos del DUP
Kultura
«Akademian literaturaren ordezkariak egotea ona da, hizkuntza ‘probatzen’ delako»
Ekonomia
La temporalidad marca el 92,6% de los contratos en Hego Euskal Herria
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea