Baionako orkestraren 30 urteak ospatuz
·Biarrizko Musika Bestetan urteurren horren kontzertu nagusia eskainiko dute
Biarritz Kulturak urtero antolatzen dituen Musika Bestak ondoko apirilaren 19a eta 23a artean iraganen dira aurten. Kari horretara, Baiona eta Lapurdi Kostaldeko Orkestrak 30. urteurrena ospatzen duela-eta, kontzertu berezia eskainiko du Biarritzen. Apirilaren 22an Gare du Midi aretoan Beethovenen IX.sinfonia emanen du.
BIARRITZ
Baiona eta Lapurdi Kostaldeko Orkestra izanen da aurtengo besta musikalen gomita nagusia. Aurten 30. urteurrena ospatzen duela-eta, orkestrak Biarritzen eskainiko du emanaldi nagusia.Jaialdia Lapurdi Kostaldearentzat oso ospakizun garrantzitsutzat jo zuten Biarritz kultura elkarteko kideek aurkezpena egiterakoan. «Urtero jaialdi honetan munduko orkestra nagusienak gomitatzen ditugu, eta gutxitan aipatzen ditugu tokiko taldeak», nabarmendu zuen Micheline Banzet-Lawton jaialdiko zuzendari artistikoak. Urteurrena behar bezala ospatzeko, Vincent Barthes Orkestrako zuzendariak musika klasikoko obra nagusienetariko bat azaltzea erabaki du, hau da, Beethovenen IX.sinfonia. «Beethovenen obra handia da, eta azaltzeko orduan oso garesti ateratzen da. Halere, bere proposamena onartua izan da, eta orkestrarekin batera, maila handiko lau solista arituko dira», gaineratu zuen zuzendari artistikoak. Donostiako Andra Mari abesbatza eta Yumiko Tanimura sopranoa, Sarah Van der Kemp mezzoa, Philippe Do tenora eta Kyu Won Han baxua izanen ditu lagun orkestrak apirilaren 22an Gare du Midin azalduko duen emanaldi horretan. Baionakoarekin batera, beste bi orkestra agertuko dira Biarrizko jaialdian: apirilaren 20an ez ohiko programa eskainiko duen Lituaniako Saint Christophe Orkestra, eta, apirilaren 9an, Bordale Akitaniako Orkestra. Azken horrekin, Michel Portal Baionako jazz klarinetista izanen da. Banzet-lawtonek Lituaniako orkestrak emanen duen Yuko Uebayashi Japoniako konpositorearen lana nabarmendu zuen. Berrikitan bukatua, obra lehen aldikoz agertuko da Biarritzen, eta bertan izango da egilea aurkezpena egiteko. «Herrialde baltikoek musika oso hurbiletik bizi dute, eta behin eta berriz frogatu dute musikari lotura handia diotela. Japoniako konpositorearen obrarekin, Mozarten urteurrena ospatzen dela-eta, bere obra ederrenetarikoa eskainiko dute, hots, Gaueko musika txikia», erran zuen zuzendari artistikoak. Bordaleko orkestrak, aldiz, AEBetako konpositoreen obrak azalduko ditu nagusiki, horien artean, Gershwinenak.
Asiako berritasuna Jaialdiko beste hitzordu nagusien artean, apirilaren 21ean izango den Feng Ning biolin-jotzaile txinatarraren kontzertua goraipatu zuen Banzet-Lawtonek. Asiako herrialdeak musika klasikora hurbiltzen ari diren une honetan, handik datozen musikariak munduko onenen artean daudela nabarmendu zuen zuzendari artistikoak. Eta, horrenbestez, Feng Ning gaztea izanik ere nazioarteko festibal handietan ibilia izana da jadanik. «Europarekin konparatuz Asia eta Ekialde ertaineko musikariak berritzaile gisa azaltzen dira», argitu zuen. Beste emanaldien artean, apirilaren 19an Donostiako Maria Jose Barandiaran eta Maria Jose Bustos Juste piano-jotzaileak ikusten ahalko dira herriko Kasinoan. Eta, azkenik, apirilaren 23an, Marion aintziran François-Rene Duchablek Robert Schumannen inauteriak obra, eta Camille Saint-Saens-en Abereen inauteria konposizioak azalduko ditu. Berekin batera Baionakoorkestrako musikariak arituko dira.
Musika Bestak jaialdiaren geroa kolokan jarria du
A.B. BIARRITZBiarritz Kultura elkarteak berrikitan egin du ohiko biltzar nagusia. Kari horretara, urtean zehar antolatzen dituzten jaialdien gorabeherak aipatu dituzte, eta horien artean, Musika Bestak jaialdiaren gaineko kezkak nabarmendu zituzten. «Biarritzen gero eta kultur eragile gehiago daude. Emanaldi asko dago urtean zehar, eta ingurumen horretan Biarritz Kultura elkartearen lekuari buruzko eztabaida izatera behartu gaitu», esan zuen Jakes Abeberri elkarteko lehendakariak. Eztabaida lan horretan Besta Musikalen jaialdiaren geroa dute kolokan jarri. Musika klasikoak gero eta ikusle gutxiago erakartzen zituela nabarmendu, eta, ildo horretatik horrelako jaialdi bat antolatzeak kostu handia zekarrela nabarmendu zuen. «Iaz, pariseko orkestrarentzat aretoa erdi betea zegoen». Egitarau alternatiboa egitea pentsatzen ari dira beraz Biarritz Kultura elkarteko kideak. «Dagoeneko hilabete batzuk hartu ditugu erabaki bat hartzeko. Udan urteko programa lantzen dugu eta ordurako erabakiko dugu Besta musikak antolatzen jarraituko dugun», erran zuenAbeberrik. Micheline Banzet-Lawtonek, bere aldetik, Estatu frantsesean bizi den egoeraren aitzinean zeudela aditzera eman zuen. Operetara ikusleak joaten badira ere, haren esanetan, musika klasikoak ez ditu jadanik ikusleak erakartzen. «Ez dut uste orkestren kontzertuak bukatuak direnik, baina, badirudi gizartea aldatzen ari dela. Berlinen, esate baterako, bi orkestretatik bat kentzeko asmoa daukate», argitu zuen, azkenik.
|