Santurtzi hizkuntza eskubideen hiriburu bilakatu zen atzo. Biztanleen %10 soilik dira euskaldunak herri horretan; atzo, ordea, euskara nagusi izan zen egun batez. «Euskaldun kopurua txikia izan arren, bertako euskaldunei hizkuntza eskubide berberak dagozkie», nabarmendu zuten EHEko kideek. Horrexegatik, hain zuzen, aurtengo Hizkuntza Eskubideen Eguna Ezkerraldean egitea erabaki zuten. Euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osoan aldarrikatzea eta hizkuntza eskubideen aldeko indarrak metatu eta antolatzea zen helburu nagusia, eta horri ekin zioten egun osoan zehar antolaturiko adin guztientzako ekimenen bidez.Goizeko 11.00etan Kresala aretoan bilkura nazionalera deitu zuen EHEk. Bertan, urtebetean egon diren gertakari positiboak zein negatiboak arloz arlo aztertu zituzten parte hartzaileek, eta lurralde guztietan hizkuntza eskubideen urraketa orokorra dela agertu zuten. Hala ere, horri aurre egiteko, herri ekimenen bidez jendea konpromisoa hartzen ari dela ere nabaritu zuten.
Eskola irakaskuntza ere aztertu zuten. Administrazioak euskaldundu ez eta beren kabuz euskaldundu behar diren hainbat lagunen lekukotasunak izan ziren. Iruñean bizi den Argentinako etorkin batek ere testigantza eskaini zien Kresala aretora bertaratu zirenei. Horien artean, hainbat aurpegi ezagun ere ikus zitezkeen, besteren artean, Batasuneko Marije Fullaondo eta Mikel Galartza;Udalbiltzako Zigor Txopitea; Kontseiluko Iñaki Lasa edota Behatokiko Paul Bilbao. EHEk gonbidatuta, azken biek hitza hartu eta beren ekarpena egin zuten.
Bilbaok haserrea ez zuen ezkutatu taulara igotzean. «Ez dago onartzerik euskaldunok ez dugula gure hizkuntza erabiltzen esatea. Behatokiak egiaztatu du herritarrek euskara erabili nahi dutela, baina oso garesti ateratzen zaie, eta administrazioei hizkuntza eskubideak urratzea, berriz, oso merke ateratzen zaie», esan zuen. Txanponaren bi aldeak.
Kontseiluko Iñaki Lasa euskaltzaleei, eta, oro har, euskal herritarrei zuzendu zitzaien. Hizkuntza eskubideen kontzeptua ez dela administrazioan bukatzen azaldu zuen, eta, hortaz, arlo pribatuan euskara erabiltzeko aukerarik eskaintzen ez denean ere hezkuntza eskubideak urratu egiten direla agertu zuen.
«Prozesu soziala da normalizazio prozesua, eta arlo pribatua ere bertan da. Euskaltzaleok horren kontzientzia hartzen badugu, eta gure eskubideak ez soilik administrazioaren aurrean baizik entitate pribatuen aurrean ere aldarrikatzen baditugu pauso esanguratsua emango dugu», esan zuen Iñaki Lasak.
Bilkura 13.00ak aldera amaitu zen, ordurako
manifestaziora baitzegoen deituta «Hezkuntza eskubideen defentsa guztion esku
dago» lelopean. Udaletxetik atera zen, eta, ofizialtasunaren aldeko oihuen
artean, Santurtziko errepide nagusiak zeharkatu zituen mila lagun inguruk
osatutako mobilizazioak. Pankarta nagusiaren atzean euskal presoak euskal
herriratzeko eskatzen zuen bigarren bat ikus zitekeen. Parte hartzaileek arlo
ezberdinetako aldarrikapenak jasotzen zituzten panel txikiak zeramatzaten, hala
nola, eskolak euskalduntzearen aldekoak eta epaitegietan edo osasungintzan
euskaraz egiteko eskatzen zutenak.
Herriz herri, auzoz auzo
Ibilbidea kaian amaitu zen. Agertoki gainean ipuin kontalari batek hainbat haurri euskararen ibilbidea kontatzen zien bitartean, Ezkerraldeko euskalgintzako ordezkariek etorkizunari begira lan egitearen beharra nabarmendu zuten. Britainiako, Marokoko eta Estatu espainoleko Murtziako herriko lagunek ere euskaraz hartu zuten hitza Euskal Herrian euskaraz bizitzearen garrantzia nabarmentzeko.
Azkenik, Mikel Irastortza EHEko kidea igo zen taulara. Egungo marko politikotik hizkuntza eskubideak bermatu eta euskararen berreskuratze osoa erdiestea ezinezkoa dela berretsi zuen, eta, egoera aldatzeko, herri prozesu sendoa egitearen beharra agertu. «Euskalduntze prozesua bururaino eramatea Euskal Herriari dagokio», gaineratu zuen. Eragile guztiei, baita herritarrei ere, dei egin zien euskararen aldeko lana eta borroka areagotu dezaten «herriz herri eta auzoz auzo». -