Bejondeiela Pasaia Lezo Lizeokoei!
Pozez gainezka zeuden atzo haur, irakasle eta gurasoak Pasaia Lezo Lizeoak Antxon egin berri duen Eraikinaren parean. Esfortzu handia eskatu du, baina pena merezi izan du.
Begi larrituta, orain berrogeitaka urte egin zuten lanak eta esfortzuak inoiz baino gehiago pena merezi izan zuela baieztatuz, helduenak; txikienak, berriz, gauza berriek eragiten duten irribarre erraz eta saihestezinezko hori ahoan zutela. Ez da gutxiagorako. Pasaia-Lezo Lizeoak «Lizeo Eguna» ospatu zuen atzo, eta handiki egin zuen, gainera, Antxon egin berri duten eta 0-6 urte bitarteko haurrak hartuko dituen eraikin berriaren zabalerarekin, hain justu. Ongi esan ohi den moduan, esfortzu bikoitza eskatzen duenak, poz bikoitza eman ohi du aldean, eta kasu honetan ez zaio arrazoirik falta esan horri. Pasaia Lezo Lizeoko zuzendari den Agustin Migeltorenak azaldu zuen moduan, erronka handia izan da eraikin berri horren proiektua aurrera eramatea. «Halako edifizio batek kostu handia dauka, baina proiektua aurrera eramaten komunitate osoak hartu du parte, bai langileek, bai gurasoek baita bazkideek ere. Zorionez, bada atxikimendu handi bat», nabarmendu zuen. Hilabete eskas daramate eraikin berrian eskolak ematen, eta aldaketa ilusio ikaragarriz egin dutela adierazi zuen. «Asteburu batean auzolan moduko bat antolatu genuen eraikin zaharrean genituen materialak hona ekartzeko eta oso une gozoak izan ziren. Haurrak ere gustura daude, eta horrek poza ematen du». Eskolan ez ezik, Pasaian bertan ere ilusioz bizi den proiektua dela nabarmendu nahi izan zuen Migeltorenak. «Giza ekimenetik sortutako iniziatiba da eta eremu honetan horrelako proiektu batek poza sortu du, balizko garapenaren espektatibak modu positiboan bideratzeko urratsa izan da», azaldu zuen. Okasioari zegokion ekitaldi ponposoa egin zuten, baina kanpotik joandakoentzat jendearen gogoan eta ilusioan zegoen, batez ere, ikuskizuna. Txikienei egokitu zitzaien, nola ez, inaugurazio ekitaldiaren izar izatea. Eurak izan ziren Pasaiako kaleetan barna egin zuten kalejiraren arima. Arkatzez mozorrotuta batzuk, guraize kaxaz beste batzuk... Eskolako materiala egoitza batetik bestera lekualdatzea irudikatu zuten. Ondoren, txikiek nahiz koskortuagoek euren dantza emanaldiak eskaini zizkien bertaratutako makina bat laguni.
Omenaldiak
Lizeoak, nola ez, okasioa hartu zuen ikastolan ikasitako belaunaldiei omen egiteko. Lehenik eta behin, aurten batxilergoa amaitu duen promozioaren txanda izan zen; ondoren, 1970eko promozioa agurtu eta omendu zuten; eta, azkenik, modu goxoago batean, agian, ikastola sortu zuen belaunaldiari egindako lana estimatu nahi izan zioten. Tartean ziren, Jexux Zabala eta Xabier Oiarbide. Begi gorrituta zegoen Zabala ekitaldiaren amaieran, azaldu ezinezko poza sentitzen zuela esanaz. Ezin ahaztu hasierako, orain 46 urteko, une gogor horiek «sinestu ezinezkoak»; hala ere, pena merezi izan zuela zalantzan ez zuten jartzen biek ala biek. «Lan asko egin genuen musu truk, baina gustura. Lehenik ikastola txikia sortu, gero beste eraikin bat zabaldu... Honaino iritsi arte, pentsa», azaldu zuen Oiarbidek. Bertaratutako gehienei bezalaxe, eraikinak txunditua utziak zituen. Ez da gutxiagorako, adin bakoitzari egokitutako azpiegiturak, espazio zabalak, kolore biziak eta punta-puntako teknologia Pasaiako haurtxoak hartzeko prest. Beraz, osasunez urratu.-
|