Kurduen matxinada ez da eten
Azken hamabost urteotan Turkiako Armadaren tankeak ez ziren sartu Kurdistango hiriburuan, Dijarbakiren. Izan ere, joan den asteartean borrokak hasi zirenetik tankeek hiria bere menpe hartu dute. Armadak PKK-ko hamalau gerrilari hil zituela ezagutzera eman eta gero hasi ziren istiluak. Hain zuzen ere, bost militanteren aldeko hileta elizkizunak Dijarbakiren egin ziren egunean, martxoaren 28an, eztanda egin zuen krisiak. Milaka kurdu abiatu ziren egun hartan gerrilariei azken agurra emateko asmoz, eta Poliziak bortizki eraso zien ondorengo protestan parte hartu zuten manifestariei. Hiriburuan hasi ziren liskarrak beste hainbat herritara zabaldu dira geroztik. Behin-behineko balantzeek diotenez, kurduen matxinada berriaren lehenengo astea betetzear dagoen honetan bederatzi lagun hil dira dagoeneko; gehienak poliziak hil ditu. 1984. urtean Kurdistango Langileen Alderdiak, PKK-k, borrokari ekin zionean, munduko nazio gutxiengo handiena den Kurdistan azaldu zen, berriro ere, nazioarteko komunitatearen begi bistan. Lehenengo Mundu Gerraren ostean sorturiko mapak desagerrarazi zuen, ordea, kurduar herria. Wilson izenarekin ezagutu zen doktrinak autodeterminazio eskubidea aitortu zion kurduar herriari. Horrela jaso zuen Sevreseko akordioak. Hala ere, 1923an Lausana hirian sinaturiko hitzarmenak Kurdistango lur zati handiena Turkiako estatuaren aita zenaren, Mustafa Kemal Ataturken, eskuetan utzi zuen. Gainerako kurduar lurraldeak mendebaldeko kolonizatzaileek beren menpe gorde zituzten, eta petrolioaren arrazoiari lehentasuna eman zioten. Hurrengo urteotan gauzatu zen ez kolonizazio prozesua kurduen egoera okertzera etorri zen. Ondorioz, kurduak bost estatutan (Irak, Turkia, Iran, Siria eta Armenian) bananduak geratu ziren, eta bere lurraldeaz jabetu ziren okupatzaile berriek gaurdaino herri horren eskubideak zapaldu dituzte. Geroztik, mendebaldeko buruzagiek interesa dutenean soilik Golkoko Gerran, adibidez aipatzen da Kurdistan. Azken egunotako borrokek, ordea, «kurduar auzia» konpontzeke dagoela agerian utzi dute. Irlanda eta Euskal Herriko prozesuak eredutzat hartuz, 1999az geroztik kartzelan dagoen Ocalanek «konponbide demokratikoa» aldarrikatu du. Turkia Bruselara hurbiltzen ahalegintzen den aroan, kurduek abian jarri duten matxinadaren bidez haietaz ez direla berriro ahaztu behar gogorazi nahi diote Europar Batasunari. -
|