Komeria bikaina izango litzateke, eszena amaitutakoan hildakoak altxatu eta estudioetako kafe makinara joango balira berriketara, ondorengo grabaketa saioa hasi arte. Baina hemen hildakoak, ehunka mila izateaz gain, ez dira inoiz altxatuko, bene-benetan hilda daudelako. Eta, gehienera, zorte handiz, haiek zergatik hil zituzten sumatzea lortuko dute bizirik dirautenek.
Orain arteko azken emanaldia iragan astean ikusi ahal izan dugu. Charles Taylor, Liberiako lehendakari (?) ohia Nigerian erbesteratuta (??) zegoen lekuan, komeria batzuen ondoren, atxilotu eta Sierra Leonara eraman dute, han 1991 eta 2002 bitartean izandako gerran jazotako krimenak epaitzen dituen Nazioarteko Epaitegiaren aurrera. Sierraleo- narrek, ordea, nahiago lukete Taylor beste norabait eramango balute, haren morroiek presondegia asaldatu edota gerra berpizteko arriskua ikusten dutelako; beraz, litekeena da Taylor Hagara ekartzea, Milosevicek amultsuki libre utzi berri duen ziega erosoa okupatzera... Kasualitatea ere bada.
Showmana izateko senez betetako gizakitzat deskribatu ohi duten Taylor ez da historiara ospe horrekin pasako, 1989-1996 bitarteko Liberiako Gerra Zibilaren irabazle ziurra eta ondoren Sierra Leonak nozitu zuenaren ustezko eragile nagusi bezala baizik. Haien aurretik, Estatu Batuetako presondegietan ere egona zen, iruzur ekonomikoengatik. Agian epaiketan argi lezake nola 80ko bi etsai porrokatuenen, Reagan administrazioaren eta Khadafiren laguntasunarekin lortu zuen Doe sarjentuaren aurkako gerrilla antolatzea. Haren burutzan egin zituenak ez gogoratzea kasik hobe, ordea. Oraingoz ez dago haiengatik auzipetuta: E. Johnson-Sirleaf, egungo lehendakaria, Taylorren adiskide (izana) da; eta P. Jonhson gudalburu hitsa senataria da Monrovian. Bake beharraren morrontzak izango dira.
Biolentzia eta histrioikeriaz gain, ordea, bada Taylorren bizitzan beste konstante bat: diamanteak. Haiek gabe ezin da ulertu zergatik, nola eta zeinen laguntzarekin egin zituen ‘bere’ gerrak. Eta haiek aintzakotzat hartuta ere kosta egiten da Pat Robertson estatubatuar telepredikari ultraeskuindarrak Taylorrekin dituen harreman estu bezain ilunak ulertzea.
Gerraren bitartez eta gerrarako ateratako diamante haiek, azkenean, Amsterdamera etorriko ziren. Kasualitate bitxia izango da Taylor bera ere azkenean haien ondora ekartzen badute. -