Delmas: «Atzean egindakoak eman digu kanporaketa»
·Sain Andrek, Saleko entrenatzaileak, ez zion inongo aitzakiarik jarri porrotari
DONOSTIA
Aldageletan, Jacques Delmas izan zen hitz egiten lehena, Biarritzeko entrenatzailearen laguntzailea. Bera izan zen atzo aulkian, eta Laguisquet harmailetan, askotan egin ohi duten moduan. Haren esanetan, lan asko eginda lortu zuten garaipena: «Aurretik ere bagenekien partida zaila izango zela, eta horrela izan da. Bigarren zatian atzealdean oso ongi ibili gara, ez diegu kokatzen utzi, eta azkenean garaipena lortu dugu. Gure asmoak handienak dira, eta lehiaketa honetan ahalik eta gauza gehien egiten ahaleginduko gara», esan zuen partidaren amaieran eskainitako prentsa agerraldian. Philippe Saint Andrek, Saleko entrenatzaileak, ez zuen aitzakiarik jarri: «Biarritzek talde handia dauka. Atzealdean oso ongi ibili dira, ez dute baloirik galtzen, eta gero gai dira kontraerasoa antolatzeko. Zoriondu besterik ez daukat egiterik», esan zuen. «Elkarlana oso ongi egiten dute, goi mailako jokoa dute, eta oso zaila da aurre egitea. Plakaiak egiterakoan ere ia ez dute hutsik egiten, eta guk batean huts egin dugu, eta beraiek entsegua egin digute. Hortxe egon da aldea», esanda amaitu zuen Saleko entrenatzaile frantziarrak. Thierry Dusatoirrek ere, Biarritzeko jokalariak, argi eta garbi utzi zuen partidaren amaieran defentsan egindako lanak erabaki zuela partida. «Norgehiagoka oso gogorra izan da, eta garbi dago atzealdeak egindako lana erabakiorra izan dela, batez ere, azkeneko ordu laurdenean. Eurek ere aurrera egin nahi zuten, eta nekea ere nabarmena zen gure artean, baina burua fresko izan dugu, azkenean ez diegu utzi entsegurik egiten, eta garaipena eskuratu ahal izan dugu», esan zuen lehen zatiaren erdialdean Livremont ordezkatu zuen jokalariak. Sebastien Brunok, Saleko jokalariak, Biarritz zoriondu zuen hizketan hasi orduko: «Eurak zoriondu bestereik ez dukat. Partida handia egin dute. Guk ere hala egin dugula uste dut, baina izan duten aukera aprobetxatu egin dute, eta horrek erabaki du kanporaketa. Atzean oso ongi aritu dira, eta guk gehien bultza diegunean ere ez dira kikildu. Prestakuntza fisikoa ere ikaragarria dute. Talde bikaina dute», esanda agurtu zen. Berri txarrak ere izan ziren atzo lapurtarren artean, 24. minutuan Lievremontek zelaia utzi behar izan baitzuen giharretako arazoak medio. Gaur egingo dizkiote probak, eta orduan jakingo da zer lesio duen zuri-gorrien kapitainak. Ez da ahaztu behar Ligan hurrengo aurkaria Tolosa izango dela, eta Akizen jokatuko dute.
|