LONDON IRISH 48
AVIRON 5
DONOSTIA
Atzo amaitu zen Avironek Europan egin duen ibilbidea, eta orain Ligan jarri beharko du burua. Joan aurretik bazekiten partida gaitza izango zutela, baina hartu zuten astindua hartzerik ez zuten usteko.London hasieratik amaierara nagusitu zen, eta euskaldunek ez zuten ezertarako aukerarik izan. Ingelesek zazpi entsegu egin zituzten, eta horrelako aldea dagoenean hitzak soberan egoten dira.
Hala ere, Avironek ongi eutsi zien ingelesei lehen zatian eta 10-0 galtzen joan ziren aldageletara. Aurten, ordea, dezentetan gerturatu zaie zuri-urdinei, eta atzo ere bigarren zatia soberan izan zuten.
Bosgarren minutuan aurreratu ziren etxekoak transformatutako entsegu bati esker, baina hortik aurrera Aviron atzean sendo aritu zen. Ez zuten entsegurik egiteko aukera handiegirik izan, baina ingelesak ere entseguko marratik kanpo zebiltzan. Hala ere, atsedenera joatear zeudela Londonek drop bat egin zuen, eta hortxe amaitu zen euskaldunen defentsa.
Bigarren zatia hasi eta berehala lortu zuen lehen entsegua etxeko taldeak, eta bigarrena ere estreinakoa egin zuen berberak egin zuen, Russellek, alegia, eta hortxe bukatu zen partida.
Hortik aurrera London eroso aritu zen, zuloak ederki topatu zituen, eta entseguak bat bestearen atzetik iristen hasi ziren. Horren aurrean zuri-urdinek ezin izan zuten ezer egin, eta azkenerako partida noiz amaituko zen zain geratu ziren, bigarren zatia oso luzea egin baizitzaien.
Gutxienez Van Shallwykek entsegua egin zuen, eta Avironek markagailua estreinatu ahal izan zuen, nahiz eta transformazioarekin ezin izan zuten asmatu, eta azkenean bost punturekin konformatu behar izan zuten.
Hemendik aitzinera Ligan jarri beharko du burua, eta Top 14ari eutsi egin beharko dio. Oraingoz nahikoa bideratuta dauka helburu hori, baina lanean jarraitu egin beharko du, partida zailak ere badituzte-eta. Final-laurdenetako gainerako emaitzak hauek izan ziren: Newcastle 23 / Connacht 3; Gloucester 46 / Brive 13 eta Northampton 25 / Worcester 34.