GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-04-06
Juan Gorriti «haurrak baino haurrago», Pirritx eta Porrotxekin
Grabazioetan buru-belarri sartuta dabiltza egunotan Porrotx eta Pirritx. Beren azken ikuskizuna, «Maite zaitut», atzo grabatu zuten Andoainen, bertako eta inguruko herrietako neska-mutilen laguntzarekin. Baina joan den asteburuan ere grabazio-lanetan aritu ziren, Betelun eta Arriben. Han, bideoklip bat egin zuten. Juan Gorriti izan zen ezohiko protagonista.

Larunbat goizean, herriko festetan bezain animatua zegoen Beteluko plaza. «Sanpedroetan gaudela ematen du», aitortu zuen espantu handirik gabe bizilagun batek. Izan ere, Tolosako Bonberenea fanfarrea lagun, hor ziren Porrotx eta Pirritx, haur pilo batek inguraturik. Eta horien guztien artean, «haurrak berak baino haurrago», Juan Gorriti nabarmendu zen. «Ia 65 urte ditut, baina txiki-txikia nintzela jostailuak egiten nituenetik, haurren mundutik asko ikasi dut, eta festa giro honek barruan dudan haurra esnarazi du; hau amets bat da, opari bat», adierazi zion GARAri Arribeko artistak.

Ez zuen arrazoi falta. Festak bideoklip bat grabatzea zuen helburu, eta horren protagonista nagusia Gorriti bera zen. Larunbat goizekoa, gainera, hasiera baino ez zen izan, grabazioak asteburu osoan jarraitu baitzuen. Gorriti oilarraren kukurrukuarekin esnatzen denetik oheratzen den arte grabatu zuten Edu Galardi eta Isa Fernandez bideogileek. Tartean, Rafa Gorrotxategi gozogilearen laguntzarekin, txokolatezko eskultura bat moldatu zuen Gorritik kamera aurrean, eta zuhaitzekin hitz egin zuen, eta ardiekin bertsotan ere egin zuen. Hitz gutxitan, bideoklipean Juan Gorritiren eguneroko bizimodua islatu nahi zuten.

«Bihotza, burua, eskua»

«Bizimodua eta filosofia», nabarmendu zuen Jose Mari Agirretxe “Porrotx”ek, haurrak pixka bat lasai utzi zituen batean. «Bihotza, burua, eskua, edo sentitu, pentsatu, ekin, denak elkarrekin» da filosofia hori laburbiltzen duen esaldia. «Haurrentzat ez ezik adin guztietako pertsonentzat ere balio du», gehitu zuen. «Gorriti orain dela urte batzuk ezagutu genuen ­gogorarazi zuen­, ‘Hik Hasi’ aldizkariko taldearekin batean ‘Jolasen altxorra’ bideoa prestatzen ari ginela. Liluratuta geratu ginen, sudur gorririk ez duen arren, gu bezalako pailazoa delako, eta bere filosofia gurea delako. Hori dela-eta, ‘Maite zaitut’ azken ikuskizunean, ‘Gorriti aztia’ izeneko kanta bat sartu genuen; orain, berriz, kanta horri dagokion bideoklipa grabatzeko unea iritsia zela iruditu zaigu». Bukatu zen lasaitasuna: pailazoa zuzen-zuzenean joan zen hurbildu-ez-hurbildu zegoen neskato batengana, eta hor bukatu ziren haurraren lotsa guztiak.

Gorritik, berriz ­arestian esan bezala, pozez zoratzen­, bideokliparen jatorria honela azaldu zuen: «Ikastoletatik-eta, haur asko etortzen dira etxera. Behin, Zarauzko Salbatore Mitxelenatik ia 300 etorri ziren, eta, badakizu, haurrek galdera asko egiten dituzte. Halako batean, ‘Gorriti, nola egiten dituzu eskulturak?’, batek. Eta nik: lehendabizi, bihotzarekin, maitasunarekin, alegia; gero, gure aitonak esaten zuen bezala, hori burura pasatu behar da, buruarekin jan behar da; eta buruarekin nola egin behar den erabaki duzunean, hori gauzatzeko, hor duzu eskua. Eskua erreminta baino ez da. Batzuek uste dute gauzak eskuz egiten direla, eta, bai, eskuz egiten dira, gaur egun esku horiek elektrikoak-edo izan daitezkeen arren, baina lehendabizi bihotzez eta buruz egin behar dira. Antzeko zerbait erantzun nion haur hari, eta horren kontura, begira zer antolatu duten orain».

Bere «filosofia»ri garrantzia kendu zion Gorritik. «Herriak eman zidan dakidan apurra, eta herriari ahal bezala itzultzen diot. Eskultore ote naizen ez dakit, ez dut uste, baina gauzak egiten ditut, eta nire egurrekin gustura nago». Lan handia duela ere nabarmendu behar da. Sarako enkargua orain dela gutxi bukatu zuen, eta dagoeneko Lekunberrirako zerbait ikusgarria prestatzen ari omen da. Bi erakusketa ere bidean ditu, Iruńean eta Zarautzen.

Bideoklipean protagonismo handia du Bonberenea fanfarreak. Guztira, hogeita bost bat lagun dira, gazte-gazteak. Orain dela hilabete batzuk disko dotore bat argitaratu zuten, eta «aurkezpen-txartel» horretan garbi utzi zuten ezohiko fanfarrea direla. Xabi Garciak une batez tronpeta jotzeari utzi eta zera esan zion kazetariari: «Ez dugu emanaldi gehiegi egiten, guk ondo pasatzeko jotzen dugulako, eta emanaldi dinamika ero horretan sartzen bagara, berriz, erretzeko arrisku handia dagoelako. Baina pailazoek honera etortzeko esan zigutenean, ez genuen bi aldiz pentsatu behar izan, haiekin oso harreman ona dugu-eta».

Fanfarrekoak inauterietako jantzi koloretsua zeramatela agertu ziren Beteluko plazan, eta ezuste ederra topatu zuten. «Pailazoekin eta bideogileekin bakarrik egongo ginela uste genuen, baina hemen sekulako giroa aurkitu dugu», esan zuen Garciak. Izan ere, haurrak eta gurasoak nonahi zeuden, oso handia baita pailazoen tira. Irenek, adibidez, lortu zuen Pirritxekin batean nahi zuen argazkia. Marinak, berriz, Porrotxekin hitz egiteko aukera izan zuen. «Letxuga jateko esan dit», kontatzen zuen. Den-denak pozik... eta bideoklipa noiz estreinatuko zain. -



«Aterik gabeko arte galeria batean bizi naiz»

Bere «filosofia»ri garrantzia kendu zion Juan Gorritik. «Nik ez daukat ikasketa akademikorik. Arteari buruz dakidan apurra Oteiza, Mendiburu eta Zumetaren bidez ikasi dut. Haien lanak ikusi eta zera pentsatu nuen: hauek egiten dutena artea bada, ni aterik gabeko arte galeria batean jaio eta bizi naiz. Izan ere, nire iritziz, horixe da natura. Beraz, arte ikasketetan-eta ez dut sekula aprobatu, baina suspenditu ere ez. Eta orduan gauzak inolako lotsarik gabe egiten ditut».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Nueva colaboración altruista de Lakua
Euskal Herria
El Papa pide «intensificar esfuerzos por la paz»
Euskal Herria
Un accidente en maniobras militares deja sin luz a 4.400 abonados en Erribera
Ekonomia
Las limpiadoras de Irun desconvocan la huelga tras lograr equiparar sus salarios
Mundua
Londres, Dublín y Sinn Féin coinciden en acusar a quienes desean malograr los avances
Euskal Herria
La AN prohíbe el acto del Kursaal y cualquier otro de sus características
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea