Jenialak, gaiztoak, ganberroak
Sortzaile jenialenak ere aspertu egiten dira nonbait jenialtasunak asmatzen eta ateraldi ganberroak egiteko joera izan ohi dute. Hori gertatzen zaio Joseba Tapiari ere. herenegun, tabako fabrikan, Soinu txikia lurrean utzi eta kabaret generoan saiatu zen, esaterako.
Koldo Izagirrek bere kantutegia aurkeztu behar zuen, Susa argitaletxeak atera berri duen “Teilatuko lizarra”, hogeita hamar urteotan kanturako egin dituen kopla, blues eta baladaz osatutako liburua. Eta serio baino serioago aritu zen agertoki gainetik poema horiek errezitatzen. Tarteka, hori bai, irribarre maltzur batek gaiztotzen zion aurpegia, «hau ez dakit harrapatuko duzuen» esanez bezala. Aurrean zituen entzuleak ere ez ziren nolanahikoak. Gonbidapen bidez erakarritako euskal kulturaren aparra zegoen han, erakundeetako kultur arduradun, idazle ezagun, artearen munduko jendea. Joseba Tapia izan zen, dena den, ekitaldiko izar nagusia, ez trikitiaren ezkutuki guztiak ezagutzen dituelako soilik, tarteka ukitu ganberro dezenteko piezak utzi zituelako ere bai. Biek osatzen duten bikote artistikoa bitxia da, trikitilaria jotzen ari zen bitartean ere ez baitzen itzali Izagirreren itzala, kantatu zituen dozena bat pieza horietatik erdiak idazlearenak zirelako eta beste batzuetan haren eskua nabari zelako. Izagirreren “Zoragarria ez al da?” kantatuz ireki zuen saioa.
Azpeitiko «naziak» Joxe Mari Lopategi bertsolari errepublikanoaren bertso bitxi batzuk kantatu zituen ondoren doinu guztiz bitxian. Azpeitira mitin bat ematera joan eta bertako EAJkoekin izan zituen liskarrak kontatzen ditu. 1931ko kontuak dira eta «nazi» hitza darabil azpeitiar abertzaleen kontra. «Non gertatu da honelakorik, non-da jaunak Azpeitian/ jesuita eta erlijioa besterik ez dan tokian», hasten da lehen bertsoa eta San Inazioren martxaren konpas batzuk ere sartzen ditu melodian. Izagirreren “Lagun galduaren geografia”n oinarritutako arin-arin tankerako kantu bat ekarri zuen segidan, guztiz ederra.
Ondoren, soinu txikia lurrean utzi eta Bertold Brechtek kabaret generoko kantu baterako idatzi zuen “Bilbao song” famatuaren euskal bertsioa kantatu zuen Tapiak, bere markak ere hautsiz, ez baitu oraindainokoan gisa horretako inkurtsiorik egin genero horretan. Kurt Weillena omen da kanta.«Bilbao hori San Frantziskoko kabaret berezi bat zen», esan zuen.Jacques Preveten kanta bat etorri zen gero, nahikoa modu bortitzean kantatua. Eta bietan Izagirreren eskua ikus zitekeen, itzulpenean besterik ez bada ere. Joxerra Gartziaren bat, Joxetxo Azkonaren “Paris Dakar” hitz bitxiak dituen beste bat eta Gandiagaren bat etorri ziren segidan. EEBBetako Nevadara artzain joandako Iparraldeko bertsolari batek, Charles Hualdek, 1949an Eisenhowerri jarritako bertso guztiz ironiko eta ganberro samar batzuk ere kantatu zituen Tapiak, eta hor ere ez zen zaila izan bertso horiek aurkitu zituena Izagirre izango zela imajinatzen. Irailean aterako den “Real politik” diskotik dozena bat kantu edo pieza aurreratu zituen guztira Joseba Tapiak Harkaitz Miner eta Jexus Aranburu musikariak ondoan zituela, eta txaloak bildu zituen behin eta berriz. Trikitiaren «munstro» bat da, eta beste genero batzuetan ere ausartu egiten dela erakutsi zigun.
Errezitaldia Baina, ez zen dena musika izan Susak Tabako Fabrikan antolatu zuen aurkezpen bikoitz horretan. Lehen zatian Koldo Izagirrek atera berri duen “Teilatuko lizarra”tik errezitaldia eman zuen. Liburuan 53 kantu bildu ditu, horietatik 25 inoiz musikatu gabeak. Bai Tapiaren kantaldia eta bai Izagirreren kantuak eduki sozial eta politiko handikoak izan ziren. Europako herrialde desberdinetan abian dauden greba zenbait aipatuz hasi zen Koldo Izagirre. «Garaipena lortu arterainoko greba urrun dago oraindik, baina ez ditugu hargatik menostuko garaipen partzialak», esan zuen eta liburuan bildu duen “Eraikuntza greban” izeneko poema errezitatuz hasi zuen errezitaldia.
Liburuari izena ematen dion “Teilatuko lizarra” etorri zen ondoren. «Beti gustatu izan zait aldaska ikustea teilatu gainean, gailurrik ederrena egiten zait, bandera politagorik ez dago eta armarririk nobleena da», esan zuen poema irakurri aurretik. “Eta egunero dugu bezpera” irakurri zuen segidan. Imanolek kantatu zuenaren “Nire euskaltasuna” poemaren beste bertsio bat errezitatu zuen ondoren:«Nire euskaltasuna baso bat da/eta ez du zuhaitz genealogikorik», hasten da kanta. «Egia da euskaltasuna ez dela gauza higiezina. Besteekiko definitu nuen irudi plastikoen bidez nire euskaltasuna izen bereko kantu horretan. Oraingo hau, hamaika urte geroago egina, intimoagoa da eta haren guztiz bestelakoa. Ez neuzkan ezaugarrietan zegoen oinarritua hura eta honek lelo bihurtzen den baieztapen batean dauka oinarria», esan zuen. “Baldintza subjektiboak”, “Ixo”, eta ondoren Joseba Tapiak kantatuko zituen “Zoragarria ez al da?” eta “Lagun galduaren geografia” irakurri zituen ondoren. «Andoni eraman zutenez gero/ez dut ikusi nahi Zarautz/ hondartza basamortu ez ote/ euro gozoena errauts//. Andoni eraman zutenez gero/ ez dut maite Atharratze/ bortua kopla xirula dena/ dena egiten zait atze//. Andoni eraman zutenez gero/mingarri zait Miarritze/ buruan mailuka zazpi mailu/ oinetan zazpina iltze», hasten da kantu hori. Administrazioaren makinari egindako kritika zorrotza agertu zuen “Real politik” kantuan. «Entzun ezazu kontejal jauna edo anderea/ badakizu dakizunez/ nazkatu garai ogi lizunez/ ez dugu nahi gosaldu albiste ilunez/ gure plazan gauero egizki betea!//. Berak ezin du ezer egin/ez da bere eskumenekoa/baina ados zegoen gurekin/ doan eman zigun bost...ekoa! ederra zen borroka lurrina/ lepokoa zeukan ikurrina», hasten da kantua eta bukaeran txalo zaparrada bat jaso zuen idazleak. “Erabakia”, ”Lagun zaharra” eta beste hainbat irakurri zituen. “Boloeta-Sestao 06:13”, esaterako, horrela hasten daŠ «Hurrengo geltokia... Piccadilly Circus!/ hurrengo geltokia... Upest-Varoskapu!». -
|