«Ero hiria» narrazio bilduma berria argitaratu du Javi Cillero bilbotarrak
·Gertakizun guztiak Renon girotu ditu; izan ere, hiri hura da liburuaren protagonista nagusia
DONOSTIA
“Ero hiria” argitaratu du Javi Cillerok. Renon girotutako narrazio bilduma da, eta, beharbada, hiria bera da protagonista nagusia. Ederki ezagutzen du Cillerok Reno. Izan ere, han egin zuen doktore tesia, euskal eleberri poliziako eta nobela beltzari buruzkoa.
Javi Cillero (Bilbo, 1961), lanbidez itzultzailea nazioarteko erakunde batean, aspaldi honetan Suitzan bizi da, eta atzo ere ez zen Donostian egindako liburuaren aurkezpenera etorri. Gutun bat bidali zuen, ordea. Horrez gain, Harkaitz Canok egin zituen aurkezlearenak.
Gutunean, liburuaren aurkezpenean ez egoteko literatur kutsu handiko aitzakia ematen zuen Cillerok: «Renora joan naiz (liburuko) pertsonaien bila. Martina, Txus, Rene, Charly, Karen, Jameson jauna eta abar aurzkepenera ekarri nahi nituen, baina ihes egin didate lotsagabeok, eta Renon ezkutatu. Horrela, nola aurkeztuko nuke liburua jendaurrean?».
Canok ohartarazi zuenez, “Ero hiria” lanean behin baino gehiagotan aipatzen da John Houstonen “The Misfits” (egokitu ez direnak-edo, gaztelaniaz “Vidas rebeldes” itzulita); «Hain justu, liburua deseroso dauden pertsonaien erakusleiho bat da. Beren burua mapan kokatzen ez dute asmatzen, eta beharbada kokatzeko ahaleginik ere dute egin nahi».
|