Euskaldunak ez diren langileak kontratatzea salatu dute
BILBO
Bilboko Karmelo ikastolako Guraso Elkarteak ikastetxeko autobusean eta jantokian aritzeko gaztelania hutsean mintzo den langile bat kontratatu izana salatu du. «Zer egin behar dute ikastetxe publiko bateko gurasoek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak gurasoen hautua eta ikasleen hizkuntza eskubideak errespeta ditzan eta Administrazioak berak ezarritako legedia bete dezan?», galdetzen dute gurasoek adierazpen batean.
Azaltzen dutenez, kontratazio hori Lakuaren hizkuntz politikaren emaitza da.Gainera, adierazi dute autobuseko eta jantokietako zereginak betetzeko, hizkuntza eskakizuna aintzat hartzen ez duen ordezkoen zerrendan oinarritzen dela Gasteizko Gobernua. «Ez dute aintzat hartzen euskara, eta, hala, zerrendan txanda zegokiona bidali dute gure ikastetxera», esan dute.
Langileen eskubideak bete badituzte ere, seme-alabenak zapaldu dituztela nabarmentzen dute. «Euskaraz hazi eta hezi nahi ditugu seme-alabak», gogorarazi diote Gobernuari, eta legea ere alde dutela argi utzi dute. Era horretara, haserre daudela helarazi nahi izan diete Lakuako Hezkuntza Sailari eta Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari. Gainera, salatu dute zelako utzikeriarekin jokatzen duten; zein nagiak diren ikasle euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatu behar direnean.
|