Euskal ikasleak kalera aterako dira 9 eskubideak aldarrikatzeko asmoarekin
Euskal Herriko ikasleak kalera aterako dira gaur, eurenak diren 9 eskubideak aldarrikatzeko asmoarekin. Horretarako mobilizazioak prestatu dituzte Bizkaian, Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Lapurdin, eta, horretaz aparte, zenbait ikasle jai ere antolatu dituzte. Segi Gazte erakunde independentistak gaurko programatuta dauden mobilizazioetara joateko deia egin du, eta, era berean, «eskubideen alde borrokatzea» ezinbestekoa dela aldarrikatu du.
BILBO
Ikasleen eskubideen alde borroka egiteko mobilizazio egun nazionala da gaurkoa. Euskal Herriko ikasleek eurenak diren eskubideak aldarrikatzeko hainbat ekintza prestatu dituzte Nafarroan, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Hezkuntza eskubideak, hizkuntza eskubideak, kultura eskubideak, Euskal Herrian ikasteko eskubideak, hezkuntza prozesuan subjektu izateko eskubideak, hezkidetza eskubideak, ikas baldintza duintasun eskubideak, eskubide demokratikoak eta kolektibo gisa jarduteko eskubideak dira eskatzen dituztenak. Dena den, aste honetan zehar ere hainbat mobilizazio egon dira Euskal Herriko campus unibertsitarioetan. Horrez gain, gaur, ikasleen 9 eskubideen aldeko manifestazioak egingo dituzte Euskal Herrian zehar, eta, gainera, Bilbon, Gasteizen edo Arrasaten antolatu dituzten ikasle jaietara joateko aukera egongo da. Mobilizazioak aurrera eramateko eragozpenak ere izan dituzte. Nafarroako delegazioak, esaterako, biharko prestatuta dagoen ibilaldia debekatu zuen. Erabaki horri aurre egiteko, ordea, ikasleek errekurtso, bat aurkeztu zuten epaitegian eta irabazi egin zuten. Hortaz, martxak hasieratik pentsatuta zegoen ibilbidea jarraituko du, hau da, NUPetik aterako dira 12.00etan, eta institutuetako ikasleekin elkartuko dira Conde Rodezno plazan. Aldeko jarrerak Segik gaurko mobilizazioen alde dagoela adierazi zuen: «Ikasleoi inposatzen zaigun hezkuntza, gazteon eskubideen zapalkuntzarako ezinbesteko errepresio mekanismoa da». Horregatik, aldarrikatu zuen «ikasleen eskubideen alde borrokatzea» ezinbestekoa zaiela gazteei.
|