20. urtemuga ospatuko du «Ekaitza» astekariak
BAIONA
1986ko Aberri Egunarekin batera ‘‘Ekaitza’’ astekari politikoaren 0 zenbakia argitara eman zen. Hogei urte bete ditu, beraz, eta hori ospatzera datoz gaur eta bihar Baionan egingo diren ekimenak.
«Abertzale eta sozialista, eta gizartearen arlo eta sektore guztietan kontrapodereen alde» egin duela aipatu dute arduradunek, eta «norabide editoriala pausoz pauso defendatuz eta beti asumituz, auzi eta diru arazoen gainetik» lanean jarraitu duela gogora ekarri dute.
Lehenengo ekimena bihar izango da Baionako gaztelu berriko IUTan. Bertan, prentsa abertzaleari buruzko mintzaldia iragarria da. Ospakizun gehienek etzi egitekoak dira. Hasteko, Makean «zintzur bustitzea» egingo dute, 11.00etatik aintzina, bazkari batez segitua. 15etan mintzaldia egingo da, eta ondoren bi kontzertu burutuko dira. Lehenean, 18.00etan hasita, Burrunka, Eneko Labeguerie eta Watson izango dira entzungai. Eta bigarrenean, 22.00etan, Zein ere taldeak hartuko du parte.
|