Udalbiltza:«Nazio bat garela ardatzaren inguruan adostasuna azkartzen ari da»
Aberri Egunaren karietara, Udalbiltzak deia berretsi die hautetsiei eta herritarrei oro har, «alderdikerien gainetik, nazio bat garela» kontuan hartzeko. Gatazkaren konponbidea «Euskal Herriaren eta herritarren eskubideak errespetatuta» etorriko dela gogoratu zuen eta asmo horretan «indarrak bildu eta dinamika berriak bultzatzeko» eskatu du.
BAIONA
Aurtengo Aberri Egunerako Udalbiltza bereziki lantzen ari den «Nazio bat gara» ardatza gero eta adostasun handiagoa biltzen ari dela nabarmendu zuten atzo, Baionan, hainbat hautetsi abertzalek.«Anitz egiteko» dagoela aitortu arren, iazkotik aurtengorako tartean «anitz aitzinatu» dela nabarmendu, eta urtebetean izan diren gertakizun nagusiak aipatu zituen Lutxi Otxandabaratz Gamartheko hautetsiak:«Eraikuntza alorrean, Zarautzen hainbat eragileren artean adostutako Nazio plana;gatazka politikoaren konponbidean, berriz, esparru askotariko 55 eragilek sinatutako Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa». Berrikitan, ETA erakundearen ekintzen etenaldiak sortutako egoera «arduraz eta heldutasunez» baliatu beharra nabar- mendu zuen zinegotziak. Abian jartzen ari den konponbiderako prozesuan, gainera, Udabiltzaren xedea indarrak biltzea eta dinamika berriak bultzatzea dela gogorarazi zuen Otxandabaratzek. Izan ere, haren ustez, gatazkaren konponbidea Euskal Herriaren eta herritarren eskubide guztiak errespetatuta soilik bermatu ahal izango baita. «Alderdikerien gainetik, nazio eraikuntzan aitzinatzearren» hautetsi guztiek herria dinamizatzeko duten konpromisoa eta herritarrak eragile bilakatzeko premia gaineratu zuen hautetsiak.
Elkarretaratzeak
Alde horretatik, aurtengo Aberri Egunean Mauleko, Donibane-Garaziko eta Uztaritzeko Herriko Etxeen aitzinean, eguerdian egingo dituzten ekitaldietan parte hartzera deitu zuten Xabi Larralde Baionako zinegotziak, Battit Amestoy Uztaritzekoak, Dominique Duhalde Lekuinekoak eta Mattin Etxepare Lekornekoak;Otxandabaratzerekin batera, agerraldian parte hartu zuten.Etxeparek nabarmendu zuen Udalbiltzak hainbat sentsibilitatetako hautetsiak biltzen dituela, «hemen ikusten den bezala» Etxepare EAko zinegotzia da, eta pozik agertu zen «egoera berriaren karietara dinamika bateratua» berreskuratzeagatik. «Euskal Herriaren alde- ko lana abian jartzeko unea da», esan zuen.
|