- Vuelta al Pais Vasco -
Samuel Sanchez: «Bolada on hau aprobetxatu behar da»
LERIN
Bi garaipen jarraian lortuta, pozarren zegoen Leringo helmugan Samuel Sanchez: «Seguran irabazita, egia esan ez nuen Lerinen irabazterik espero, baina bolada onean gaude eta aprobetxatu egin behar da. Ea bada lidergoa ere mantentzen dugun!». Asturiarrak Leringo igoerari buruz, berriz, honakoa adierazi zuen: «Gerapenarekin asmatu dudalakoan nago. Nik uste zenbaitek garapen latzegia hartu duela eta kateatu egin direla».
Sailkapen nagusiari dagokionez, hemendik aurrera ikusiko dela aipatu zuen. «Zallako erlojupekoa ongi ezagutzen dut, nahiz eta berez Contador ni baino hobea den erlojuaren aurka. Sasoi onean edozeren aurka egiteko gai izan behar da», aitortu zuen sailkapen nagusiko liderrak.
Bestalde, Igor Gonzalez de Galdeano Euskaltel-Euskadi taldeko kirol zuzendaria ere oso gustura zegoen bere gizonen lanarekin. «Samuel sasoi puntu oso onean dago eta pozgarria da etxean aprobetxatzea bere egoera fisiko on hori. Mantentzera atera ginen, baina aukera ikusiz gero ez alferrik galtzeko agindua zuen Samuelek, eta hala egin zuen», azaldu zuen.
Sanchezi Seguran lortutako garaipenak on egin ote zion galdetuta, zuzendari arabarrak honako hau nabarmendu zuen: «Lehenengo garaipena lortu eta gero, lasaitu egin da taldea, baina nabarmenduko nuke taldeak etapan zehar egin duen lana; ongi egin du bere betebeharra, eta Samuelek azken orduan irabazteko aukera taldelanari esker izan baitu. Zaila da errematatzea, baina besteen lana ere ez da erraza».
Azkenik, Saunier Duval taldeko Josean Fernandez «Matxinek» aipatu zuenez, txirrindularitzan bakarrak irabazten du, eta besteak galtzaile dira. «Gaur atzo Lerinen azpitik jotzen saiatu gara Gomez Marchanterekin, baina ezin izan da. Hala ere, hemendik aurrera ere saiatuko gara», adierazi zuen.
|