Barrutik
Kontzentrazioa behar zen aurrean izateko
Iñigo Chaurreau
Atzoko etapak bi zati nagusi izan zituen: Gipuzkoakoa; menditsua eta bigarrena, Nafarroakoa; haizetsua. Egun oso haizetsua izan zen atzokoa eta urduritasun handia bizi izan genuen haizea zela-eta. Tropela moztuko ote zen beldur handia zegoen eta, zentzu horretan, txirrindulari guztiek aurrean egon behar genuen eta aipagarria da nola kontzentrazioari eustea derrigorrezkoa zen sekula ere atzerantz ez egiteko eta zer nolako nekea sortzen duen horrek fisikoki baita psikologikoki ere, eta nolako presioa jasan behar izaten dugun irratiz ere denbora guztian aurrera egiteko esaten digutela.Hala ere, lasterketa nahiko lotua joan zen, Euskaltelek eta Casse D’Epargnek nahiko ongi eraman zuten lasterketa. Lotto saiatu zen abanikoren bat sortzen, baina indarra falta izan zitzaien tropela asko zatitzeko. Azken aldapa, berriz, nahiko gogorra zen, baina ez zen igotzaileentzat, baizik eta aldapa motzetan azkar dabiltzanentzat, Samuel Sanchezentzat, esaterako. Gaurko etapak Gasteiza eramango gaitu. Ikusi behar Herrera nola gainditzen den, horrek etapa baldintzatuko du-eta. -
|