Joxemari OLASAGASTI | Aizkolaria
«Zutikako enborretara iritsi aurretik apurtu beharra dago apustua»
Joxemari Olasagasti berriro ere apustuan ikusiko dugu igandean. Iaz bi jokatu zituen; bat irabazi egin zuen, Azurmendiren aurka, eta, bestea, berriz, galdu, Erasunekin. Oraingoan bi gazteren aurka neurtuko da, baina Igeldokoa da Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelduna, eta, adituen ustez, igandean ere bera izango da faboritoa.
Joxemari Olasagasti igandean neurtuko da Tolosako zezen-plazan Otaño eta Lasaren aurka. 20 kana-erdiko etzanda eta bost 45 ontzako zutik moztu beharko dituzte. Bikoa bost enborretik bostera txandatuko da etzandako lanean, eta txanda librean arituko dira zutikakoan. Apustua orain dela hilabete zen jokatzekoa, baina tartean sortutako beste kontu batzuk medio, aizkolariek desafioa hilabete atzeratu behar izan dute.
Zer moduz zaude igandeko apusturako?
Ongi, baina apustu gogorra izango dela uste dut. Bi gazteak oso ongi ikusten ditut, eta zutik ere oso ondo moldatzen dira; hor txanda librean arituko direnez, abantaila dute. Ez da batere norgehiagoka samurra izango.
Arazo batzuk medio, apustua hilabete atzeratu behar izan duzue. Horrek mesede baino kalte gehiago egin al dizu?
Behin apustua prestatzen hasitakoan, egunerako egoten da ongi, horrelako atzerapenak ez zaizkit gustatzen, baina horrelaxe egokitu da. Urrezko Aizkorako kanporaketak, Aierberen omenaldia, Federazioaren batzarra, azkenean gauza mordo bat elkartu dira eta atzeratu beharrean izan gara. Osasunez ongi nago, eta aurrera egin beharko dugu.
Lasa eta Otaño Urrezko Aizkoran ikusteko aukera izan duzu. Nola ikusi dituzu?
Ongi, oso ongi. Zutik ere ederki moldatu dira, eta biak prestatuta daudela ikusi da. Azkenean biak joan dira kanpora Urrezko Aizkoran, baina uste dut lan ona egin dutela, eta aizkoran ongi aritu direla.
Nahiz eta biren aurka arituko zaren, zaleek zu jotzen zaituzte apustua irabazteko faborito. Zuk ere horrela ikusten al duzu?
Bai, beno, normala izango da; hala ere, ez da erraza izango. Hor bukaera zaila izango da, zutikakoan txanda librean aritu behar dute, eta hori beti izaten da arriskutsua.
Zure asmoa zutikako enborretara iritsi baino lehen apustua erabakitzea izango da, ezta?
Bai, azkeneko saiora baino lehen apustua puskatu beharra dago, eta ni horretan saiatuko naiz, gero ikusiko da zer gertatzen den. Enborrak haiek eramango dituzte, eta ez dakit nolakoak izango diren. Samurrak eramanda niretzat hobe, eta eutsiak eramaten badituzte ez dakit zer gertatuko den, hor gauza asko daude ikusteko.
Zu beti hasieran gogor jotzen duzun aizkolaria zara. Igandean ere bizi ekingo diozu apustuari, ezta?
Bai, bai, ni horrelakoa naiz, eta orain ez naiz aldatuko. Ni bizi hasiko naiz, eta, ahal badut, apustua puskatzera joango naiz, hori da, behintzat, nire asmoa.
Beraiek oso eskarmentu gutxi dute horrelako apustuetan, hori aldeko izango duzu, ezta?
Bai, zakur zaharrak, badakizu, asko jakiten du, baina haiek gazteak dira eta sasoi ederra dute. Batek 30 urte eta besteak 28 dituzte, eta nik 47. Hor aldea badagoela uste dut.
Azkeneko urteetan egin diren aizkora apustu gehienetan zu izan zara. Horrek zer esan nahi du, beste inork ez duela apusturik egin nahi?
Ez dakit, badirudi hor erdiak baino gehiago gaixo daudela. Nik erdi aukeran bota nien desafioa, baina inork ez zuen erantzun. Urrezko Aizkorarako prestatzen dira, baina badirudi apustuez ez dutela ezer ere jakin nahi, hori da, behintzat, nik ikusten dudana.
Jendearen ustez, zuk apustu honetan galtzeko gehiago omen daukazu irabaztekoa baino. Zuk garaipena lortzea normaltzat jotzen du jendeak, eta galtzea, berriz, ez. Zuk ere horrela uste al duzu?
Bai, beno, izan daiteke, baina nik gazteei aukera bat eman nahi diet, eta apustu eder bat egin, galdu edo irabazi, apustu on bat jokatu. Lehen ere baditut nik galdutakoak. Egia da, nik apustu honetan zer irabazirik ez daukadala, baina bi gazteren aurka irabazten badut, uste dut izango dudala meriturik.
Aizkolari gazteak badatoz, baina ez jendeak nahi bezain azkar. Nola ikusten dituzu?
Gazteak badatoz, egia da ez datozela azkar, baina badatoz. Hor daude Arria, Otaño, Lasa. Mindegiaren semea ere berriro hasi da, eta beste batzuk ere badaude hor. Orain gazteak ez dira etortzen lehen bezain azkar, gauzak errazago ikusten dituztela uste dut, baina badatoz, eta hori pozgarria da.
Jendeari pazientzia eskatu behar zaio, ezta?
Bai, orain ez dago lehen zegoen apustuak jokatzeko grina hori; entrenamenduetan-eta ere, lehen esan bezala, erraz ikusten dute, baina sufritzen ikasten dutenean, gazteak ere aterako direlakoan nago.
Horretarako beharrezkoak izango dira apustuak, ezta?
Bai, nik hori uste dut, kirol honek aurrera egiteko apustuak beharrezkoak dira. Euskal Herrian beti izan da apusturako grina hori, eta niretzat beharrezkoa da horrek aurrera segitzea. Euskal Herrian beti izan dira apustuak, jendeari dirua jokatzea gustatzen zaio, eta horrek beti giro ederra sortzen du. Hori beharrezkoa da, eta ona ere badela uste dut. Penagarria izango litzateke horrelako ohiturak galtzea. Nire ustez, hori tabernara joan eta karta jokoan aritzea baino askoz ere politagoa da.
Enborren arabera izango da, baina, zure ustez, zenbat denboran amaitu ditzake irabazleak igandeko apustuko lanak?
Egurrak normal samarrak eramaten baldin badituzte, nik 50 minuturen azpitik lanak amaitzea espero dut, hori da, behintzat nire asmoa.
|