GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-04-18
Xabier Izaga - Preso politiko ohia
Xantaia eta estortsioa: historia txiki bat

Nabarmenkeria hutsa da esatea mundua justuago izango bada giza harremanak errotik aldatu behar direla. Harreman ekonomikoak, sozialak, herrien artekoak... Orduan askoz zailagoa litzateke preso politikoak izatea, are presoak izatea. Izan ere, presoak mundu bidegabearen sintoma, sintoma eta ondorio latza dira.

Arreta Euskal Herrian jarrita, bertako preso politikoek badute esperantzarako motiborik. Izan ere, bake eta normalizazio prozesu bat abian badago, eta hala onartzen dute eragile politiko eta sozial ia guztiek, gatazkaren parte diren presoek prozesu horretan parte hartu eta beren herrira hurbiltzea ez ezik, etxera itzultzea ere arrazoizkoa eta logikoa da. Prozesu guztiak ez dira berdinak, egia da, baina arestian esandako hori ez da inongo prozesutan kolokan jarri ere egin. Baina euskal presoek esperantzaz gain, ia 30 urteko eskarmentua dute dagoeneko, eta komenigarria litzateke urte horiei begiratu bat egitea, larriki besterik ez bada ere, oraindik ere xantaia eta estortsio hitzak entzuten direnean.

Amnistia delakoaren ondotik, 1977an bertan, sartu ziren lehenbiziko euskal preso politikoak espetxera, eta urtebete geroago Euskal Herriko presondegietatik eta Madrilgo Carabancheldik, Soriara eraman zituzten, errepresio-ibilbide luze baten preludio gisa. Han barruan bertan Polizia zuten eta jipoiak, erasoak, are benetako razziak, ia-ia ohikoak ziren. Bigarren errepresio-etapa segurtasun goreneko kartzelek markatu zuten batetik, eta, aldi bertsuan, «gizarteratze neurriak» bestetik. 1981eko udan Puerto de Santa Mariako kartzela berria inauguratu zuten euskal presoek, erregimen gogorrean, zigor hutseko erre- gimenean. Etapa hark Mantxako Herreran, gizonezkoentzat, eta Carabanchelen, emakumeentzat, izan zuen jarraipena. Hala ere, «irtenbide» bat eskaintzen zieten: beren borrokari, beren helburuei uko egitea, are haiek salatzea. Harik eta, 1987an xantaiari estortsioa erantsi zioten arte, sakabanaketa indarrean jarriz, sakabanaketa bi estatuetan zehar eta kartzea barruan. Hartara errepresioa presoen familietara eta inguru osora zabaldu zuten, baita kostu ekonomikoa biderkatu ere. Urte horietan guztietan ezinbestekoa izan zuten epaileen laguntza, legeen, euren legeen interpretazio bitxiak eginez. Baina epaileek, Auzitegi Nazionalak, hain zuzen, hurrengo etapan hartuko zuten protagonismo osoa. Hainbatetan bezala, komunikabideek bidea prestatu zuten, «alarma sozialak» eta giro aproposa sortuz, eta beren legea urratu ez ezik, aldatu ere egin zuten euskal presoei benetako biziarteko zigorra ezarriz. Metodologia bera erabili zuten erakunde politiko eta sozialak legez kanpo jartzeko, lotsatu gabe zenbait komunikabide ixteko, meritu demokratiko ikaragarria izan balitz bezala. Hori guztia legearen izenean.

Gaur egun Jose Mari Sagardui Europako presoetan kartzela urte gehien dituen presoa da. Hura bezala Jon Agirre eta Jon Bilbao Espainiako Gobernuan UCD zegoela sartu zituzten kartzelara. Ondoren PSOEren eta PPren politikak ezagutu dituzte. Euskal Presoen Kolektiboak 30 urteko historia neketsua du, eta Ezker Abertzaleko sektorerik jipoituena, itxuraz ahulena izanda, sendoenetakoa dela erakutsi du. Ezarri zaizkion espetxe politika guztiak, kostu handia, lehenik giza kostua, baina baita ekonomikoa ere, ekarri diete euskal presoei, etxekoei, gizarte honen zati handi bati, baina porrot nabarmena izan dira. Hori azaltzeko, batzuek argudio erraza, errazegia agertzen dute: fanatismoa. Beste batzuek, ordea, konpromisoa, sendotasuna, eskuzabaltasuna dituzte azalpen. Ez dugu ahaztu behar, nolanahi ere, Estatuaren zerbitzuan harrapatutako preso urriek ez dutela ez eskuzabaltasuna ez fanatismoa ere erakusteko aukerarik izan, botere politikoen eta judizialen lotsarako.

Atzera berriro PSOE gobernuan, eta delako prozesua abian, hark errepresio bideari eutsi dio. Alderdien Legearen zama omen du. Bai, berak PPrekin adostutako legea. Komunikabideen presioa; izan ere, berak sortzen lagundu zuen presioa. Eta komeni da, bestalde, lengoaiaren makurtze horretatik, manipulazioaren sareetatik askatu eta gogoratzea legea bete behar dutela su-eten garaian bezala su-etenik gabe ere. Batzuek legea urratzeagatik kartzelan ­eta ez gutxi hilda­ dauden bitartean, lege hori betearazi behar luketenek zigorgabeki urratzen dutela. Zalantzarik ez, estortsioak badirau. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La lucrativa subida del oro negro
Euskal Herria
Sólo piden un año y medio de cárcel para los dos militares que agredieron a Martín
Mundua
Diez muertos al inmolarse en Tel Aviv un kamikaze en homenaje a los presos palestinos
Kultura
Mila bisitari Sarako biltzarrEAn
Mundua
Eldorado dos Carajás, diez años de impunidad
Ekonomia
El crudo Brent marca otro récord al superar los 71 dólares por barril
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea